argia.eus
INPRIMATU
Gezurrak dantzan Zigoitian

Mikel LarraƱaga Arregi 2024ko maiatzaren 27a

Zigoitia shock egoeran dago. Hauteskundeak igaro eta, bat-batean, panel fotovoltaikoen makroproiektu bat ekarri digute mahai gainera, nekazaritza lurren hedadura izugarria estaltzeko asmoekin. Proiektu hori orain atera da argitara, botoa eskatzen ziguten politikari horiek jada oniritzia emana diotenean (isilka-misilka eta udalen gainetik pasata), eta hara!, proiektuari nolabait aurka egin ahal izateko alegazioen aurkezpenerako denbora justua besterik geratzen ez denean. Eta hedabide nagusi guztiak isilik hauteskundeak igaro diren arte.

Gauza berbera egiten ari dira, gainera, gutxi gorabehera, Arabako hainbat lekutan, eta baita beste herrialdeetan ere, espazio izugarriak panel fotovoltaikoz eta errota eoliko erraldoiz betetzeko asmotan. Hori guztia makroproiektu "ekologikoak" direlako maskaradapean, nahiz eta, azkenean, Solariaren poltsikoak bete eta ingurumen- eta gizarte-inpaktu izugarria izateko baizik balioko ez duten.

Eta jendearen erreakzioa mamitzen hasi denean, ETB2n eman zena bezalako albisteekin egin dugu topo; maiatzaren 16ko Teleberri albistegian Africa Baetak honako esaldi honekin zabaldu zuen albistea: "En Araba continúan las protestas en defensa de la tierra agraria y en contra de las renovables..." [Araban jarraitzen dute nekazaritza lurren aldeko eta berriztagarrien aurkako protestek]. Ez dakigu esaldi hori falaziaren eremuan ala zuzenean gezur gordinarenean kokatu beharrean gauden. Erreakzio-mugimenduaren ekitea Berriztagarriak bai, baina ez horrela tankerako lelo argiekin hasi dela kontutan hartuta... bakoitzak epai dezala. Edozein kasutan, manipulatzeko asmoa nabarmena da.

Zigoitia shock egoeran dago. Hauteskundeak igaro eta, bat-batean, panel fotovoltaikoen makroproiektu bat ekarri digute mahai gainera, nekazaritza lurren hedadura izugarria estaltzeko asmoekin

Kontua da badakigula gauzak beste era batera egin daitezkeela. Teilatuak soberan daude, ez dago zertan nekazaritza- eta natura-eremuak makroegiturekin suntsitu. Izan ere, teknologia berriztagarriek ingurumenean eta gizartean gutxieneko kaltea eragiteko gakoetako bat eskala da, eta teknologia horien alderdi onetariko bat horixe da, eskala txikian ezin hobeto ezar daitezkeela. Berez, energia iturria nahi den besteko berriztagarria izanik ere, "makro" eskalan planteaturiko edozein proiektuk inpaktu latza eragiten du ingurunean; alegia, berriztagarrietarako trantsizioa egiteak benetako hobekuntzaren bat ekartzekotan, eskala eta ustiapen-eredua aldatzea erabat beharrezkoa dugu. Baina, noski, horrela eginez gero, Solaria bezalako enpresek horrelako muntaketetatik aterako lituzketen etekinak ere ez lirateke hain mamitsuak izango...

Ez omen dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Megaproiektu honen garapena, herritarren erreakzio-aukerak oso txikiak izan arte bide administratibotik isilka aurrera egin duena, eta politikari eta hedabide printzipalen aldetik arretarik erakarri gabe egin dela ikusten ez duenak, ikusi nahi ez duelako da. Orain, erreakzioaren aurrean, politikari batzuek ezjakinarena egiten dute, eta bularrean kolpeak ematen dituzte sinpatiak eurenganatzeko eta jendearen haserrea arintzeko, "arduratzen denik badagoela" ikusaraziz... azkenean "egin zitekeena egin dugu, baina ezin izan da, zer egingo diogu ba!" esaten bukatzeko.

Guztiz sinesgaitza da alderdi printzipalek azken unera arte makroproiektu hauen garapenaren berririk ez izatea. Intentzio guztiz mantendu dute isilean, eta hauteskundeak igaro arte itxaron dute bonba askatzeko; jardun horrek muntaia guztiaren konplize egiten ditu. Eta agintari politiko eta hedabide nagusi guztiei buruz dihardut. Horien arteko edonork gaia lehenago azaleratu eta apurren bat akuilatu izan balu, Solariaren proiektuen aurkako herri-mugimendua askoz ere antolatuago eta indartsuago egongo zatekeen, gertatzen ari denaz ohartarazten jada denboratxoa badaramaten nekazari eta abeltzainez haratago. Alabaina, guztiz kontrakoa egin dutela dirudi, proiektuak azken unera arte publizitate eta oposizio txikienarekin aurrera egin zezan lagundu dute.

Eta horrek posizio berezian jartzen ditu tokiko politikariak. Zuen buruzagi nagusiek Solaria bezalako enpresa baten interesei men egin dietela hain nabaria izanik... Zer egingo duzue? Kontuak eskatuko dizkiezue ala belarriak jaitsi eta barne-diziplina jarraituko duzue? Zuen herriak beren bizimodua suntsitzen duten makroproiektuen aurrean defendatuko dituzue ala "ahal izan duguna egin dugu, baina ez dago zereginik..." esaten lehenak izango zarete? Nik gauza bat argi daukat: okerragoa da lagun faltsua, etsai aitortua baino.

Mikel Larrañaga Arregi

Filosofian lizentziatua, Historian doktorea, Zigoitiako bizilaguna