Euskal Herriaren nazio eta gizarte askapenaren aldeko jarrerak albo batean utzi zituztenetik ia hamar urte iragan badira ere, Sortuko egiturek (ez pertsonek) harriturik uzten gaituzte oraindik ere.
Mitin batean euskal errepublikaren aldeko aldarria plazaratzen duten bitartean, aldi berean, ontzat hartzen dute Euskal Herriaren zatiketa, euskal lurraldeetan hiru prozesu desberdin abiatzeko teoriaz, eta batek daki non batuko liratekeen. Hori guztia modu onean egin eta Frantziako nahiz Espainiako estatuek onartuko dutelakoan daudelarik, bai izugarria!
Ustez, arrazoizkoena, bidezkoena eta etorkizun handikoena izaki, okupatzailearen sisteman sartzea erabaki zuen, eta nazioarteko komunitatea hartu zuen bermatzaile gisa, alabaina, orain ez dute haren aipamen bat ere egiten. Egia esan, nazioarteko taldeak eskarmentu handia du, mundu osoan, nazio askapenerako mugimendu iraultzaileak desmuntatzerako orduan, eta, azken finean, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua desegiten laguntzea izan da egin duen gauza bakarra, eusko eta espainiar burgesiaren, kapitalaren eta inperialismoaren zorionerako.
Egun batean, Bartzelonako jihadisten ekintza bereizgabea gertatutakoan, Espainiako indar errepresiboak goratu egin zituzten. Era berean, ikuspegi demokratikotik hartzen dute Espainiako Estatua, eta handik hilabete gutxitara, herrien kartzelatzat jotzen dute Konstituzioa. Nabaria da hauteskundeen kiratsa, EAJk Salburuan egiten duen bezala, ekitaldian independentzia aldarrikatu, eta handik minutu pare batera okupatzaileen eta ordena kapitalistaren zipaio bilakatzen da.
Nazioarteko taldeak eskarmentu handia du, mundu osoan, nazio askapenerako mugimendu iraultzaileak desmuntatzerako orduan, eta, azken finean, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua desegiten laguntzea izan da egin duen gauza bakarra, eusko eta espainiar burgesiaren, kapitalaren eta inperialismoaren zorionerako
Bat-batean, nazio eta gizarte askapenerako dinamikaren bat artikulatzeko aukerarik ez dagoela esango genuke enegarren aldiz, ezinezkoa baita denak batera pozik uztea, hau da, oinarri independentistak, kapitala eta aita santua. Hala ere, halako jokamoldea barkatu egiten da oraindik eta, gainera, kontzientzia batzuk erakartzeko gai da.
Halako dinamika ohikoa da EAJn eta betidanik jarri du praktikan, unean uneko interesik tartean ez badago (krisialdia…), izan ere, sistemak ez die inolako kontzesiorik egingo azken orduko aprendizei, eusko burgesiaren babesa arbuiatuz.
Gezurra dirudi, gogoeta labur honen izenburuan genion bezala, 2018ko abenduan baten bazuk oraindik kexu izatea, euskal preso politikoen gaiari dagokionez, gobernuak inongo keinurik egin ez izanagatik. Badirudi aurkikuntza handia egin dutela.
Berriro diogu etsaien %98 harroputzak, baldarrak, inperio baten galtzaileak, nazionalistak (ezkertiar gehienak barne) izateaz gain, ez dute errukirik izango, nahiz eta inolako arazo larririk ez sortu. Hori gertatzen ari da, hain justu ere, Sortu konplexuaren eta okupatzen gaituzten estatuen artean.
Halaber, gezurra dirudi Konstituzioaren erreforma eskatzea eta, aldi berean, okupatzailearen legeak betetzeko eskaera egitea, kalean nahiz kartzeletan. Lege horiei jarraiki, hainbat euskal militante espetxean daude muturreko baldintzetan, eta haietako batek aurki 35 urteko kartzelaldia beteko du.
Beste behin ondo azaltze aldera, munstro barnetik ezin daiteke etorkizun askerik eraiki, ezinezkoa da. Dei egiten dizuegu hausnartu eta eztabaidatzeko. Ez dugu zertan men egin beharrik, batez ere, aske eta gure patuaren jabe izateari uko egiten digutenen aurrean. Aske izatea da gure eskubide eta betebeharra (gure aldeko borrokan parte hartu zutenengatik eta hartuko dutenengatik), eta hori soilik borrokaren bidez garatu ahal izango dugu.