Donostialdeko ESIa Osakidetzako erakunde handiena da. Herri askok osatzen duten ESIa: Oiartzun, Lezo, Errenteria, Pasaia, Lasarte-Oria, Donostia, Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Aizarnazabal, Zestoa, Getaria, Zumaia, Zarautz, Orio eta Aiak. Herri horietako herritarroi osasun-arreta ematen zaie.
Bada, dagoeneko entzun dugu, orain Gabonak direla eta, abenduaren 4tik aurrera berrantolaketa izango dugula: ordutegia mugatuko digute, hori murrizketa da; eta maila guztietako langileak ez dira bermatzen zerbitzu guztietan, beste murrizketa bat. Horrek guztiak osasun-arretan eragina du, baita geure osasunean ere.
Osakidetzako arduradunek osasun langileak bilatzea zaila dela jakinarazi digute, bereziki zaila sendagileak lortzea. Etengabe sendagilerik ez dagoela entzun dugu eta, hainbeste aldiz esanez, guk hori sinistea nahi dute. Baina non daude sendagileak? Desagertu egin dira? Nire galdera hauxe da: zergatik da gero eta zailagoa Osakidetzan lan egiteko langileak bilatzea? Zer gertatu da? Oraindik ez dut entzun enpresa pribatuan horrelako gabezia dagoenik, aintzat hartuta gero eta enpresa gehiago daudela eta gero eta lan gehiago dutela.
Etengabe sendagilerik ez dagoela entzun dugu eta, hainbeste aldiz esanez, guk hori sinistea nahi dute Osakidetzako arduradunek
Badira hamar urte baino gehiago zer iritsiko zen konturatu ginela. Alde batetik, Osakidetzako langileen adinagatik erreleboa eta gizartearen aldaketa eta zahartzea. Zer egin dute? Zer plangintza egin dute? Goi-goiko geure Osakidetzako arduradunek zer egin dute? Gainera, arduradun politikoak ez dira aldatu. Iritsi gara iritsi garen egoerara haiek kudeatzen. Geure Osakidetza utzi duten bezala eta haiek berak konpontzeko gai izango dira?
Bada, bai, egoera kaskarra da eta Osakidetzari zuen prestigioa kendu diote eta geure osasunaren bizkarretik negozioa egiten dute. Lotsagabekeria.
Sailburuak, Sagardui andereak, hori guztia konpontzeko erremedioa baduela esaten digu: publiko-pribatuen lankidetza. Ez nago ados, ez. Lankidetza hori pribatizazioa da, geure dirua, diru publikoa, esku pribatuetan jartzea da eta, bide batez, geure Osakidetza ahulago eta suntsituta geratzen da.
Gero eta langile gutxiago Osasun Zentro guztietan, eta lan gehiago egiten. Lanpostu berriak enpresa pribatuetan, lan baldintza eskasak eta lan egiten, gehienok emakumeok.
Osasun arazoa izanda, nora joango gara? Ahal dutenak, agian, pribatura?
Nahikoa da. Osakidetza indartu. Osasungintza geurea da. Ez ostu. Ez suntsitu.
Itziar Mujika
DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde