Atzo hasi eta bihar bukatuko da Geure Gelatik azoka, Azkoitian. Emakumeen literatura oinarri duen euskarazko azoka da. Aurten, Jasone Osoro izango da omendua.
Gaur, ostirala, Azkoitiko Portaleburu erakusketa aretoan 17:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita. Larunbatean soilik goizez, 11:00etatik 14:00etara.
Ekitaldiaren antolatzaileetako bat da Julen Garate, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kidea. Berarekin hitz egin du ARGIAk.
Zergatik emakumeen azoka bat?
Euskara elkartea gara gu, eta udaleko Berdintasun Sailarekin batera antolatzen dugunez, honetan jartzen dugu fokua: emakumeei plaza eskainiko zaien euskarazko literaturan. Era honetako liburu azoka bakarra gara. Uste dugu bai euskarak eta bai emakumeak presentzia gehiago behar dutela. Eta emakumeena aipatu bezala, euskararen presentzia normalizatzea ere bada helburua, euskarazko literatura zabaldu eta normalizatzea.
Sorrera 2004ean izan zuen. Emakumeak zeuden herriko irakurle taldean, eta ordea, gero eta nabarmenagoa zen, irakurtzen ziren liburuen egileak gizonak izatea, izan Atxaga, izan Sarrionandia... Hori, alde batetik, uste dugu ohitura batzuk daudelako dela, gizonari garrantzi gehiago eman izan zaiola. Nabarmentzekoa da, halaber, gizon eta emakumeen maila berdina dela eta kopurutan emakume idazle gehiago daudela.
Zeintzuk dira azokaren helburu nagusiak?
Euskararen presentía normalizatzea literaturan. Plaza euskarak eta emakumeak izatea. Emakumeen euskarazko literatura zabaldu eta normalizatzea.
Askotariko gonbidatuek hartuko dute plaza. Maila lokalagoak diren jarduerak ere badituzue.
Guretzat oso bereziak dira itxiera ekitaldiak. Bizenta Mogelen pasarte batzuekin amaituko dugu aurtengoa. Hamar herritarrek irakurriko dituzte. Herria sustatzeko modua da.
Aurtengo omendua Jasone Osoro da. Zer nabarmenduko diozue?
Ziklo baten itxieraren modukoa da; formatua berreskuratu dugunetik hirugarren urtea da. Lehenbizikoan Arantxa Urretabizkaia omendu genuen, eta pasa den urtean Mariasun Landa. Aurten Jasone Osoro izango da. Osorok baditu mota guztietako liburuak, baina gazte literaturan izandako lanagatik nabarmenduko genuke. Horregatik, dena lotuzta, bera omentzea erabaki dugu.
Zein egile nabarmenduko zenuke aurtengo azokan izango dena?
Karmele Jaio etorriko da geurera, Maitasun kapitala liburua aurkeztera. Durangon asko saldu zen. Gonbita egin genion, eta guretzat onartzea izugarrizkoa da.
Egile edo editore independenteek parte hartzeko aukerarik ba al dute?
Bai, adibidez, Pentsiodunen Mugimenduko kideek ipiniko dute liburua. Funtsean, 2023-2024 urtean eta emakumezkoenak eta euskaraz diren liburuak ekartzen ditugu; ez zaigu axola zein mugimendutakoa den.
Zer onura dakarzkio azokak tokiko komunitateari?
Duela bi urte berreskuratu genuenean, irakurle taldea sortu zen herrian. Bilgune izaten dira horrelako egunak. Horrekin beste gauzak antolatzen dira. Aurten, lehiaketa bat antolatu dugu, 2 minutu izenekoa. Larunbatean emango dugu horren berri. Beraz, herriarentzat onura nabarmena dira horrelako ekintza eta taldeak.
Gaurko eta biharko egitaraua:
Apirilak 12, ostirala:
17:15. Maite Frankoren Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa (6-10 urte).
18:30. Yolanda Arrietak Bizenta Mogeli buruzko tailerra emango du: Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak.
Apirilak 13, larunbata:
11:15. Maite Lopezen eskutik, Giorgos Seferis, Nobel poeta euskaraz. Aurkezlea: Aritz Gorrotxategi.
12:00. Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Xabier Mendiguren.
12:45. 2 minutu lehiaketaren aurkezpena.
13:00. 10 lagunek Bizenta Mogelen Ipuin onak liburuaren pasarteen irakurketa.
17:15. Gema Lopez: Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuaren itzulpenaren aurkezpena. Aurkezlea: Mariasun Landa.
18:00. Jasone Osoro omenduari Mariasun Landak emango dio oroigarria.
18:30. Jasone Osoro: Arrakasta saiakera liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Maite Rementeria.