argia.eus
INPRIMATU
Geure esport , herri kirolei buruzko aldizkari berria
  • Urrezko Aizkorak tarte handia izango du aldizkarian eta hilabetean behin argitaratuko da.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko ekainaren 15a
Geure esport aldizkariko postada (Argazkia: Geure esport)

Luis Mari Bengoa, Gerardo Bengoa eta Jon Leunda izan dira hilabetekariaren sortzaileak eta jakinarazi dute doan banatuko dutela.

“Duela zazpi-zortzi urte egin genuen beste saiakera bat aldizkaria sortzeko”, baina orduan ez zela aurrera irten azaldu dute Berriari. Herri kiroletako proba ugari astebururo egin arren, “komunikabide gehienek tarte txikia ematen digute”, salatu du Bengoak eta jendeak jakin behar duela herri kirolak “bizirik” daudela.

Aldizkarian barnebildutako artikuluak, euskaraz zein gaztelaniaz irakurri ahal dira eta ingelesez ere laster argitaratuko dituzte zenbait testu. “Izan ere, landetxeetan eta hoteletan utzi nahiko genuke aldizkaria, kanpoko bisitariek herri kirolen berri izan dezaten”.

Geure esporten orrialdeetan iritzi artikuluak, kronikak, elkarrizketak, txapelketetako emaitzak eta hurrengo asteetarako agenda argitaratuko dituzte. “Hamasei orrialde ditu aldizkariak, baina aurrera begira baliteke gehiago izatea”.

Bengoak adierazi duenez  jendeak “oso ondo” hartu du aldizkaria. “Segitzeko animatzen gaitu herri kirolen jarraitzaileak, eta gure ilusioa izango litzateke denbora luzez jarraitzea”.