“Migrazio irregularra gelditzeko” plana aurkeztu dute Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek eta Italiako eskuin muturreko lehen ministro Giorgia Melonik, Italiako Lampedusa irlara egindako bisitan. Hiru egunetan 8.500 migratzaile iritsi dira uhartera, Europara ihes egin nahian.
Lampedusara Afrika iparraldetik pateretan iristen diren pertsonak biderkatu egin dira denbora gutxian: 2023an jada 127.000 migratzaile baino gehiagok lur hartu dute Mediterraneoko irlan, 2022an garai honetan iritsitakoen zifra halako bi, eta 2021ean halako hiru, Italiako Barne Ministerioaren larunbateko datuen arabera.
Azken hiru egunetan 8.500 pertsona iritsi dira, Europara migratu nahian, eta Lampedusako herritarrak neurri eske ari dira: “Gorroto dugu jendea sufritzen ikustea, eta beti prest egon gara laguntzeko; baina ezin dugu jarraitu horrela bizitzen. Jende honek errespetua merezi du, baita geuk ere”.
Krisi horri aterabidea emateko hamar puntuko plan bat aurkeztu dute Von der Leyenek eta Melonik, Europar Batasunak migrazioari emandako erantzun gisa, igandean Lampedusara egindako bisitan. Helburu nagusia da “migrazio irregularra geldiaraztea”: “Geuk erabakiko dugu nor etorriko den Europar Batasunera, eta zein baldintzatan. Ez dute erabakiko pertsona trafikatzaileek”, nabarmendu du Europako Batzordeko presidenteak. Trafikatzaileen “negozio itzela” dela bertan behera utzi beharrekoa argudiatu du, The Guardian hedabideak jaso duenez. “Jatorrizko herrialdeetan kontatu behar da trafikatzaileak aukeratzen badituzu dirua gal dezakezula”, azaldu du Von der Leyenek agerraldian.
Meloni ultraeskuindarraren esanetan, Europako herrialdeek elkarrekin egin behar dute lan, Afrikatik irteerak geldiarazteko, eta asilo eskaera eskubidea ukatu zaien migratzaileak “berehala deportatzeko” –planaren puntu bat da deportazioak areagotzea–. Gehitu du pertsona horiek “mehatxua” direla “Europaren etorkizunarentzat”.
Melonik azpimarratu du arazoa ez dela konponduko migratzaileak Italiatik beste herrialdeetara lekualdatuta edo birbanatuta, baizik eta krisiari aterabidea emateko “modu bakarra” dela Afrikako “legez kanpoko” irteerak geldiaraztea. Baieztatu du Italiara “legez” joandako migratzaileak “ongi etorriak” izango direla.
Bi mandatariek Lampedusan aurkeztutako planaren arabera, irlako egoera hobetzeko aurreikusi dute pertsona horiek beste herrialde batzuetara lekualdatzeko laguntza jasotzea, “borondatezko elkartasun-mekanismoen bidez”. Azpimarratzekoa da Mediterraneoko irla txiki horrek 6.000 biztanle dituela, eta Europara ihesi doazen milaka lagun pilatzen direla bertan; Italiako Gurutze Gorriak kudeatzen du portuko harrera zentroa, eta ohartarazi dute oraindik 1.500 migratzaile inguru daudela 400 lagunentzat tokia duen instalazioetara lekualdatzeko zain, elDiario.es hedabidean gogorarazi dutenez.