argia.eus
INPRIMATU
Getxon martxoko zabor-tasa ez ordaintzeko sinadura bilketa hasi dute
  • Hiru asteko grebaren ondoren langileek eta Cespa enpresak aurre-akordioa lortu dute. Orain, martxoko hondakinen zerga ez ordaintzeko eskaria abiatu dute hainbat herritarrek sinadura bidez.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 08a

Getxon 25 egunez iraun duen zabor bilketa grebari amaiera eman zioten langileek apirilaren 4an, Cespa enpresaren eta ELA, CCOO, UGT eta Ekintza sindikatuen artean aurre-akordioa lortu ondoren. Horren arabera, enpresak ez du inor kaleratuko eta lan hitzarmenen atzerapenak ordainduko ditu.

Herritarrek baina, ia hilabetez kaleetan jasan beharreko "zikinkeria" salatu dute eta sinadura bilketa hasi dute martxoko zabor-tasa ez ordaintzeko: "Garbitasun zerbitzurik jaso ez badugu enpresa kontzesionarioaren eta Udalaren partetik, eta horren ondorioz usain txarrak, osasun arriskua eta komertzioetan eragin ekonomikoa jasan baditugu, justiziazkoa da hori ordaindu behar ez izatea", dio Change.org plataforma numerikoan abiatutako ekimenak.

Arazoaren aurrean, salbuespen neurriak

Martxoaren 9az geroztik Getxoko kaleetan pilatutako zabor kopuru handiaren ondorioz, Udalak hondakinak zehaztutako bilketa egunetan ateratzeko eskatu zien bizilagunei. Era berean, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak finkatu zituen, eta greba bertan behera geratu bezperan agindua emana zuen, Udalaren eskariz, “osasunarentzat kaltegarria” izan zitekeen puntuetan zaborrak erretiratzeko.