2018an Silvia legez kanpo atxilotu eta erasotu zuen Ertzaintzak Getxon. Hiru urte geroago, justiziak prozesu judizialean trabak besterik jarri ez dituela salatu du SOS Arrazakeria Bizkaiak, eta prozesua azkartzeko eskatu du.
2018ko maiatzaren 26an Silvia izeneko emakume boliviar batek legez kanpo atxilotu eta eraso bortitza jaso zuen Getxoko (Bizkaia) ertzain-etxean.
SOS Arrazakeriak ohar baten bidez gertatutakoa azaldu du: Silvia Algortako supermerkatu baten atarian bere bikotekidea itxaroten ari zen, bi ertzainek etxegabe bat modu desegokian tratatzen ari zela ikusi zuenean. Silvia haiengana gerturatu eta zer gertatzen ari zen galdetu zienean, agente batek gogor bultzatu eta lurrera bota zuen "bere herrialdera" itzul zedin oihukatzen zion bitartean. Bikotekidea dendatik atera zenean, agenteek esan zioten atxilotu egingo zutela. Silvia hormaren kontra jarri eta eskuburdinak jarri zizkioten.
Ez zioten bikotearengana gerturatzen utzi eta zuzenean, Algortako komisaldegira eraman zuten. Han, kartera miatu zioten eta azalpenak eskatu zituen arren, ez zuen erantzunik jaso. Ziegara eramaten ari ziren bitartean agente batek bost aldiz bortizki jo zuen. Hurrengo egunera arte asistentziarik gabe izan zuten ziegan.
Silviak gertatutakoa salatu zuen, baina hiru urte hauetan justiziak trabak besterik jarri ez dituela salatu du elkarteak. Gainera, jakitera eman dutenez, erresistentzia, autoritatearen aurkako bi atentatu eta beste bi lesio-delitu leporatu dizkiote Silviari. Inplikatutako agenteetako bati bakarrik mantendu diote akusazioa, lesio-delitu arin bat egotzita.
Elkartearen ustez, "horrelako gertaerak ez dira kasu isolatuak" eta antzeko gertaera ugari egon dira. Horregatik, erakunde publikoei eta arduradun politikoei neurriak hartzeko eskatu diete. Gainera, "salatzailea faltsuki salatzeko praktika" ere askotan errepikatzen dela gogoratu dute eta kasu honetan, biktima ikusezin bihurtu eta kriminalizatu dutela azpimarratu dute: Silviari 10 urteko kartzela zigorra ekar diezaioke.
Azkenik, "geldoa den justiziak justizia izateari uzten diola" uste dute, izan ere, hiru urtetan judizialki egin den gauza bakarra prozesua oztopatzea izan da eta "azterapenak ziurgabetasuna eta beldurra eragin dizkio Silviari". Gertutakoa erakusten duen bideo bat egon arren, "Silviari egindako akusazioaren aurrean agente bati bakarrik egotzi zaio lesio-delitu arin bat", salatu dute.