argia.eus
INPRIMATU
Getxoko udaltzainek barazkiak errekisatu dizkiote baserritar bati plazan “baimenik gabe” saltzeagatik
  • Udan ortuko produktuak saltzen ditu baserritarrak 2011z geroztik. 2013an eta 2018an udaltzainek mehatxu egin zioten, baina aurtengoa da produktuak eramaten dizkioten lehendabiziko aldia. Hurrengo goizean margoketa agertu da Itzubaltzetako (Getxo) Kultur Etxean: “Bendeja aurrera”.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 13a

Astelehen arratsaldean, uda sasoian astero egiten duen legez, “bendeja egiten”, hau da ortuko produktuak saltzen ari zen baserritar bat Itzubaltzetako elizako arkupeetan. Udaltzainak agertu, eta baimenik ez duela argudiatuta, postua kentzeko agindu diote. Baserritarrak ezetz, zortzi urte daramatzala berdina egiten. Azkenerako, barazki kutxak banan-banan polizia autoetan sartu eta alde egin dute udaltzainek, baserritarraren haserrerako.

Ez da gatazka pizten den lehendabiziko aldia izan. 2013an elizaren arkupeetatik bota nahi izan zuten baserritarra udaltzainek. Hurrengo bost urteetan ez zen arazorik izan, baina iaz berriz ere sortu zen liskarra. Abuztuaren 27ko astelehenean udaltzainek postua kentzeko agindu zioten baserritarrari. Baserritarrak horrela egin zuen, ordurako produktu ia guztia saldua zeukan. Baina hurrengo astelehenean berriz ere postua jarriko zuela jakinarazi zuen. Baserritarra kide den Uribe Kostako Agroasanbladak herritarrei dei egin zien postura hurbilduz baserritarrari babesa emateko. Irailaren 3ko astelehen horretan herritar dezente agertu zen, eta poliziarik ez. Baina hurrengo astelehenean, irailaren 10a, egoera errepikatu egin zen. Udaltzainek orduan ortuariak eramateko saiakera egin zuten. Azkenean baserritarrak udaltzain buruarekin hitz egin zuen telefonoz, eta isunik eta errekisamendurik gabe amaitu zen dena. Udako azken bendeja eguna zen. Aurten, zaharrak berri.

Ohitura zaharra

Kalean baserriko uzta txikia saltzea ohikoa izan da herrietan urte luzez, eta gutxi batzuetan bada oraindik. Getxori dagokionez, 2007 arte emakume batzuk aritzen ziren salmentan. Urte batzuetako etenaren ostean, 2011an berrartu zuen ohitura zaharra Peio Fuente baserritarrak. Udalarekin eta udaltzainekin izandako lehenbiziko arazoen ostean, salmenta baimentzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu zuten Itzubaltzetan. 400 herritarrek eta 60 merkatarik eman zuten sinadura.

Sinadurak udaletxera eraman zituzten: “Zinegotziakaz ere bilduta egon ginen. Kaleko salmenta zela erantzun ziguten, eta ez zegoela hori baimentzerik. Hala ere, horren gaineko proiektu bat prestatuz gero, aztertuko zutela esan zuten. Egin genuen, baina ez dugu oraindino erantzunik jaso”, adierazi zion Fuente baserritarrak Hirukari 2018ko irailaren erdialdean. Gatazkak zabalik jarraitzen du.

 

 

Astearte goizean bendejaren aldeko pintada agertu da Itzubaltzetako Kultur Etxearen sarreran.