Getxoko Udalak udaltzainen hamar lanpostu berri sortzea adostu du EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek hitzartutako aurrekontuaren barruan. Hamar lanpostuetatik euskararen B2 maila bostek soilik egiaztatu beharko dutela adierazi du Udalak.
Erabakiak aldaketa nabarmena dakar euskal udal gehienetan orain arte jarraitutako politikei dagokienez, eta azken epai judizialen ildotik doa. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak irailean emandako ebazpenak adierazi zuen ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek derrigorrez euskaraz jakitea. Postu guztietarako euskara maila jakin bat eskatzea "neurrigabea" dela ebatzi zuen. Epaileek hartutako erabaki horren aurrean, Getxoko Udalak irizpideak errespetatu beharko dituela adierazi du. Hori horrela, erdiek bakarrik izan beharko dute euskararen ezagutza.
El Correok informatu duenaren arabera, Langileria eta Antolaketa zinegotzi Inaxio Uriartek azaldu du irizpidea aldatzeko erabakia udaleko euskara zerbitzuek hartu dutela, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso dela zehaztu du.
Getxoko alkate Amaia Agirrek erabakia babestu du, herriko errealitate linguistikoari erantzuten diola argudiatuta: "Herritar guztiek euskaraz hitz egitea desioa izan daiteke, baina errealitatea oso bestelakoa da". EH Bilduk erabakia gogor kritikatu du, euskararen normalizazioan “atzera egitea” dela azaldu du.