Plaza bakarra okupatuta, aparkalekuak dituen 304etatik. Horrela deskribatu du GuNe kolektiboak Getxoko Andra Mari auzoko Tosu landa eremuan eraiki duten Ibarbengoako metro-geltokiaren ondoko aparkalekuaren egoera, "irailaren 2an, lanorduetan". Idatzi ironiko batean, ezbaian ipini dute aparkalekua egiteko premia. "Zertarako gastatu zituzten 6 milioi euro, gainkostuez aparte?", itaundu dute.
Inauguratu eta bi hilabetera aparkalekuak agortutako bonbillak eta arrakalak dituela adierazi dute GuNeko kideek: "Hori ikusita. baten batek pentsa dezake Ibarbengoako geltoki mamuaren bideari jarraitu diola aparkalekuak, eta bien helburua Hollywoodeko plato bat egitea dela, beldurrezko film bat grabatzeko".
"Besteren batek erantzun zezakeen", jarraitzen du prentsa-oharrak, "udaletxeak zabaltzen duen 'Getxo berde maite zaitut' leloak ez diola naturari erreferentzia egiten, proiektu honekin norbaitek sakelaratu dituen billeteen koloreari baizik". "Azkenik, pentsa genezake 2007an Andra Marin 7.000 etxebizitza eraikitzea eragotzi zuten auzokideen kontrako mendeku bat besterik ez dela, eta parkinga auzoa porlanez betetzeko lehenengo pausua besterik ez dela, oraingoan 'pixkana-pixkana', hori bai".
Azkenik, EAJko "gestore trebeak" kritikatu dituzte, "beraien interes partikularrak eta alderdikoiak lortzearren guztion dirua gastatzeagatik eta geratzen diren gune naturalak suntsitzeagatik".