Hiru urteko obren ondoren, ekainaren 15ean inauguratu zen Getxoko Ibarbengoako aparkalekura bizikleta-martxa egin zuten 60 pertsona inguruk, GuNe kolektiboak deituta. Protestaldi horretan, kotxeari begirako planak ez diren alternatibak egon badaudela aldarrikatu gura izan zuten, baita Tosuko landan zazpi urtez aurrera eramandako borroka kolektiboa gogoratu ere. Ertzaintzak lau lagun identifikatu zituen mobilizazioan.
Arrastiko 18:00etan abiatu zuten protestaldia, Bidezabaleko metro-geltokitik hasita; bizikletaz eta oinez, Tosu landa zen lekura gerturatu ziren denak, gaur egun 295 plaza hartzen dituen aparkaleku berrira. Bizikleta-martxa horregaz kotxea erabili behar ez izateko bestelako bideak daudela sinbolizatu gura izan zuten herritarrek: "Alternatibak daudela erakutsi dugu, eremuak herritarron zerbitzura jar daitezkeenak, naturarekiko begirunea izanez". Era berean, agintari eta eraikitzaileen "diru-gosea" salatu zuten: "Euren gutiziak ez du mugarik".
Ibarbengoako metro-geltokia eta horren ondoko parkingaren "beharrezkotasun eza" deitoratzeaz gainera, Uribe Kosta osoan martxan dauden hainbat proiektu salatu zituzten: "Leioako Kurkudin eraiki gura den kiroldegia; Itzubaltzeta/Romoko Nagusien Etxea eta gaztetxea eraisteko proiektua; itsasadarraren azpiko tunela; Berangoko Otxabenen eta Otxandategin eraiki gura dituzten etxebizitza multzoak; Sopelako Bareñorako gune komertziala; Urdulizeko eraikitze basatia; Gorlizeko Urezarantza landan etxebizitzak eraikitzeko asmoak eta Barrika-Plentziarako aurre ikusita dagoen itsasadarraren moldaketa eta pribatizazioa".
Getxoko aparkaleku berriari dagokionez, proiektu "faraonikoa eta alferrikakoa" izan dela deitoratu zuten kolektibokoek: "5 milioi euro baino gehiago balio izan du, antiekologikoa da eta herritarron parte-hartzerik gabe gauzatu da". Horren aurrean, natura defendatzeko modurik onena gizartea mobilizatzea dela uste dute; hala, beste pertsona eta eragile askogaz batera borrokan jarraituko dutela ohartarazi zuten, "makroproiektu horiek geldiarazi arte, herritarron bizitza eta beharrak hirigintza-planetan garrantzitsuena izan daitezen lortu arte, gure herriek ingurumena errespetatuko duten arte".
Protestaldia baketsua izan zen arren, Ertzaintza gerturatu zen Ibarbengoako aparkalekuaren sarrerara, bertako segurtasun agenteek deituta. Hala, lau pertsona identifikatu zituzten poliziek: aparkalekuko goiko aldetik pankarta eskegi zituzten hiru lagunak eta mobilizazioan parte hartu zuen kide bat.
Hiru urteko obren ondoren gaur, ekainaren 15ean, inauguratu den Getxoko #Ibarbengoa|ko aparkalekura bizikleta-martxa egin dute 60 pertsona inguruk, @Gune_UK kolektiboak deituta.
Hor doa haria 👇(1/8)@HirukaEus pic.twitter.com/2gYx0VIltk
— Iker Rincon (@irincon_) June 15, 2020
Ibarbengoako aparkalekuak 295 leku ditu, hiru solairutan (horietako bi, lurpekoak). Bederatzi aparkaleku mugikortasun urrikoentzat dira, eta beste bost zamalanak egiteko. Obrak bost milioi eta erdi euro inguruko kostua izan du, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ordaindu dituenak. Hain zuzen ere, erakunde horrek bidalitako oharrak dioenez 36 hilabete iraun dute azpiegitura egiteko lanek; honenbestez, Tosuko landa desalojatu aurreko denbora ere sartu dute zenbaketa horretan, 2017ko azaroan burutu baitzen guztiz Tosu Betirako plataformako kideen desalojoa, hau da, orain dela 31 hilabete inguru.
Garraio Partzuergoaren esanetan, "Ibarbengoako aldirietako aparkalekuak izango du, Bizkaiko Garraio Partzuergoko lauren artean, autoan eginiko distantziaren eta garraio publikoan eginiko distantziaren arteko harremanari dagokionez datu onena. Bestela esanda, irteera-puntutik helmugaraino, autoaren erabilera oso portzentaje txikia izango da metroaren erabileraren portzentajearen aldean".
Mobilizazioa bideoan jaso zuten Ines Bermejok eta Hodei Torresek: