argia.eus
INPRIMATU
Getxoko gune aske eta autogestionatuen aldeko beharra aldarrikatu dute
  • Getxoko udal-gobernuak "inposatutako bidegabekeri instituzionalen" aurka borrokatzeko modu bakarra antolatzea eta mobilizatzea dela aldarrikatu zuten larunbatean ehunka lagunek Itzubaltzeta III gaztetxearen alde Areetako Xake plazan egindako elkarretaratzean. Era berean, gune autogestionatuaren alde herriko balkoiak horiz koloreztatzeko deia egin zuten.

Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2020ko maiatzaren 17a
Argazkia: Hiruka.eus

Elkarren arteko segurtasun distantziak mantenduta, ehun lagun baino gehiago bildu zen larunbatean Areetako Xake plazan Itzubaltzeta III gaztetxearen alde egiteko. "Beste behin ere, daukagun indarra erakutsi dugu eta eredu izan gara. Dena zuei esker", azpimarratu zuten gazteek mobilizazioa hasi orduko.

Getxoko udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) bere erabakiak hartzerakoan herritarren iritzia kontuan hartzen ez duela salatu zuten protestan bildutakoek, "ez Itzubaltzetari gure harri-koskorra ekarri ahal izateko". Era berean, antolatzeko eta borrokatzeko garrantzia azpimarratu zuten, baita kolaboratzeko beharra ere. Horren harira, Udalak gaztetxearen kontra egindako erasoa ulergarria dela deitoratu zuten: "Ekintzarako askatasunik eman nahi ez dioten espazioa delako, ez dutelako nahi langileria haien interesen aurka antolatzerik. Herriak, eta, batez ere, gazteriak, pentsamendu kritikoa garatzeko eta izaera anitz, antikapitalista eta solidarioko ekintzak antolatzeko erabiltzen dugun espaziorik, ez dute nahi". Hori dena dela eta, herrian eta auzoan gaztetxe bat izatea inoiz baino "beharrezkoagoa" dela aldarrikatu zuten ozen: "Edozein herrik, aipatutako ezaugarri guztiak sustatzeko gune bat izan beharko lukeelako, herri bat gaztetxe bat!".

"Hemendik pasatzen diren bakoitzean ikus dezatela haiek eragin dutena!"

Herria horiz koloreztatu

Itzubaltzeta gaztetxearen aldeko mugimendua agerian utzi guran, auzoa horiz koloreztatzeko proposamena egin zuten atzo: "Hemendik pasatzen diren bakoitzean ikus dezaten haiek eragin dutena!". Horretarako, kamisetak, trapu eta banderola horiak balkoi eta leihoetatik eskegitzeko deia egin zuten. Era berean, eragileen aldeko sinadura bilketa bat egin nahi dutela iragarri zuten, "gaztetxearen babesa erakuste aldera".