Astelehenean amaitu da Getxoko gobernu-taldeak proposatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) alegazioak aurkezteko epea. Daborduko asko dira aldaketak eskatu dituzten norbanakoak, udal-taldeak eta eragileak, eta, horien artean, Adi HAPO plataformak agerraldia egin zuen zapatuan aurkeztuko duen helegitea publiko egiteko eta datorren martxoaren 25ean egingo duten mobilizazioa iragartzeko.
Getxoko Tosu estratako Uribe baserriaren aurrean egindako prentsaurrekoan, Adi HAPO plataformako dozenaka lagunek salatu zuten plan berriak inguruko landa-eremuak “erabat” urbanizatuko dituela. Era berean, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) proposatutako HAPOan “hainbat lege-hauste” aurkitu dituztela salatu zuten: “Alde batetik, legeak ahalbidetzen duena baino 1.456 etxebizitza gehiago eraikitzea planteatzen du; bestetik, ez du etxebizitza sozialaren minimoa betetzen”. Hori dela eta, alegazio bat aurkeztuko dutela iragarri zuten, plana bertan behera gelditzeko eskatuz.
Hala ere, gogoratu zuten beste hainbat kontu ere badaudela HAPO horretan "aldatzeko", hala nola udalerriko berdeguneak babesteko beharra, Azkorri eta Kandelu inguruko natura guneak, besteak beste. Horrez gainera, azpimarratu zuten eraiki beharreko etxebizitza soziala alokairu sozialekoa izan beharko litzatekeela, “eta hori bultza daiteke eraikin berririk gabe, etxebizitza eta lonja hutsak alokairu sozialera bideratuta”. Azkenik, “benetako” prozesu parte-hartzaile bat aldarrikatu zuten, “ez baitzaigu onargarria iruditzen gure herriaren etorkizuna gutxi batzuek erabakitzea”.
Hori guztia dela eta, manifestazio bat iragarri zuten datorren martxoaren 25erako.