argia.eus
INPRIMATU
Getxo eta Sestao arteko itsasadar azpiko tunela: Aldundiak proiektua esleitu, Getxoko EH Bilduk kritikatu
  • Bizkaiko Foru Aldundiak hiru ingeniaritza-enpresak osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarte (ABEE) bati esleitu dio Getxo eta Sestao artean itsasadarraren azpitik egingo den ibilgailuentzako tunelaren proiektuaren langintza; aurrekontua 8,9 milioi eurokoa izango da. Getxoko EH Bildu egitasmoaren aurka agertu da: "Aurre egingo diogu proiektu txikitzaile honi".

Hiruka .eus Unai Brea @unaibrea2 2020ko ekainaren 04a
Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Foru diputatua eta Unai Remeneria Aldun Nagusia, joan den urtarrilean, proiektua aurkezten (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Idom, Sener eta Euskontrol enpresek osatutako ABEEak lortu du azpiegituraren esleipena, "aurreikusitakoa baino lizitazio-prezio merkeagoan" Foru Aldundiak azpimarratu duenez. Zehazki, 1,6 milioikoa da jaitsiera. Tunela eraikitzeko proiektua osatzea eta idaztea izango da enpresa horien lana, 33 hilabeteko epean burututa egin beharko litzatekeena Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Foru diputatuaren esanetan. Aldundiaren asmoa betez gero, 2028an zabalduko litzateke tunela.

Aldundiak jakinarazi duenez, "lan horretan xehetasunez definituko dira tunela eraikitzeko ezinbestekoak diren alderdi tekniko hauek: ezaugarriak, trazadura zehatza, multimodalitatea, eraikuntza-metodoa edo gaur egungo edukiera altuko sarearekin itsasadarraren alde bietan egongo diren loturak". Proiektua zehazteko, orain arte egindakoak baino zundaketa geologiko zehatzagoak egin beharko direla gaineratu dute.

"Argi geratu da zein den PNVren lehentasuna" 

Aldundiak esleipenaren berri eman eta gutxira, azpiegitura-proiektuaren aurkako kritika plazaratu du Getxoko EH Bilduk. Esan dutenez, "argi geratu da, 'normaltasun' berri eta zaharrean, PNVren lehentasuna makro-proiektuak, errepide gehiago eraikitzea, autoaren erabilera bultzatzea... direla". Iragarpena, kasualitatez, Bizikletaren Nazioarteko Egunean etorri dela aipatu dute, eta itsasadar azpiko tunelaren lanak aurrera doazen bitartean Getxo eta Bilbo arteko bidegorriarenak "ahaztuta" egotea deitoratu dute.

"8'9 milioi euro proiektuan bakarrik, datorkigun krisiaren erdian", adierazi du koalizioak, "autonomo eta dendari txikientzat dirulaguntza urriak onartzen diren bitartean, kultur sortzaileentzat laguntzak zozkatzen diren bitartean, osasungintzan baliabideak ugaritu behar diren momentu honetan...". Proiektuari aurre egingo diotela gaineratu dute, azkenik.