argia.eus
INPRIMATU
Getariako Elkanoren omenezko estatua frankistek jarri zuten udaletxe aurrean
  • Espainiako militarrek igandean Joan Sebastian Elkanoren aldeko meza eta omenaldia egingo dituzte Gipuzkoako Getarian, hainbat herritarren protesta artean. Espainiar nazionalismoak beti maite eta ohoratu izan duen pertsona da Elkano. Getariako “seme kuttuna” beneratu beharreko ikur izan dadin, bereziki faxistek egindako lan eskerga ez da alferrikakoa izan. Horren froga fisikoa Getariako udaletxe aurrean dago.

Axier Lopez @axierL 2019ko uztailaren 05
Ezkerrean, gaur egungo irudi bat eta eskuinean, frankismo garaian, herritarrek agur faxista egiten estatuaren inguruan.

Udaletxe aurreko plaza da getariarren bilgune nagusietako bat, baita herri ekimen askotarako gune nagusia ere, frontoiarekin batera. Gudarien Enparantza du izena plaza txiki horrek eta haren erdian marmolezko estatua bat dago “Juan-Sebastian de Elcano” (sic) omenezko.

Elkanoren gorazarrerako Getarian dauen dozenaka ohorezko leku eta izendapenetako bat da, baina, monumentuarekin batera, denetan ezagunena eta esanguratsuena da. Estatua horren ibilbideaz arakatu dute Getariako Liburutegiko lagunek eta haren berri eman dute Artzape aldizkarian “Historia ez da borobila” artikuluan.

Marmol zurizko estatua hori Ricardo Bellver eskulturagileak 1881ean egin zuen, orduko Espainiako Gobernuko “Ministerio de Ultramar” (garaiko Kanpo Harremanetarako ministerioa) delakoaren enkarguz. Madrilen izan zen estatua ondorengo hamarkadetan, harik eta, 1934an, Espainiako Bigarren Errepublika indarrean zela, Getariara ekarri zuten arte, herri honetako Udaleko arkitektoak estatua eskatu baitzuen. Haren kokapenaren berririk ez da, ordea. Nonbaiten gordeta izan zuten ala Getariako beste txokoren batean jarrita, ez dago garbi, baina frogatuta dago gaur egungo ohorezko lekuan ez zutela jarri. Hori herriko lehen udalbatza frankistak agindu zuelako.

Gerra garaian, 1937ko uztailaren 25ean Getaria faxisten menpe zela, udalbatza frankistak ondorengoa erabaki zuen: Faxisten altxamenduaren urteurrena zela-eta, Francisco Francori atxikimendu telegrama bidaltzea eta horrekin batera, Elkanoren marmolezko estatua herriko plazan jartzea. Esan eta egin. Abuztuan ezarri eta ofizialki irailean inauguratu zuten, orduan Cabalgata de Elcano deitzen zuten egunean. Gaur egun Elkanoren Lehorreratzea deitzen diote lau urtean behin Getarian ospatzen duten Elkanoren herri antzerki-omenaldiari.

Honela jaso zuen Jaca Española aldizkariaren 349 zenbakiak 1937ko irailean gaztelaniaz: “Espainiako ibilbide inperialean, Getaria da mugarri garrantzitsuenetako bat. Gaur, irailak 5, hala erakutsiko dute, solemnitate osoz, simulakro-zeremonia baten bitartez: Juan Sebastian bere sorterrira iritsi izana, txalo eta biba artean, herri kaleetatik karrozaz egingo duen paseo arranditsua. Getariak Elkanoren balentria heroikoarekin bat egitean eta han eguzki izpitan jaiotako itsas-gizona urtero ohoratzean, Espainiako Inperioaren mugarri bat garbi eta zainduta mantentzen du”.

Orain 82 urte faxistek jarritakoak ohorezko leku berean dirau. Eta litekeena da, igandean, Espainiako militarrek Elkanori egin behar dioten omenaldia haren azpian egitea.