argia.eus
INPRIMATU
Getariako alkate ohiak Balenciaga museoko epaia errekurrituko du
  • Museoko piezen artean zeuden hainbat gauza oparitu zizkien bere lagunei. “Ez nion garrantzirik eman”, adierazi du Mariano Camio alkate ohiak.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 21a
Mariano Camio. Argazkia: EITB

EAJ alderditik Getariako alkate zen Mariano Camio Urangak Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztu du. Bera akusatzeko “inolako oinarririk ez dagoela” adierazi dio elkarrizketa batean elDiario.es hedabide digitalari.

Camio 1983tik 1999ra Getariako alkate izan zen. Ibilbide politiko horretan, ordea, hainbat irregulartasun egin zituen Balenciaga museoan. 2019. urtean igorri zen sententzia batek lau urte eta erdiko espetxe zigorrera eta 50.000 euro itzultzera kondenatu zuen Camio.

Hamarkada bat baino gehiago iraun zuen ikerketa batek froga argiak utzi zituen: museoaren proiektuaren funtsak irabazi pertsonalerako erabili zirela. Tartean, Camiok Julián Argilagos arkitekto kubatarrari mesede egin zion, harreman estua baitzuten. Getariak 2011n zabaldu zuen museoa, eta ez 2003an, aurreikusita zegoen bezala. Gainkostuek 30 milioi euroraino igo zuten azken faktura, hasiera batean pezetatan kalkulatu zena.

Camiok eta Argilagosek Miamira (AEB) eraman zituzten Balentziagaren pieza batzuetan kalteak daudela adierazten dute txosten ugarik. Hori ez ezik, bildumaren zati bat Getariako EAJko zinegotzien emazteen esku ere geratu zen, besteak beste, Iñaki Txueka Kongresuko diputatu izandakoaren emaztearen esku.