argia.eus
INPRIMATU
Getariako alkate ohia lau urteko kartzela zigorrera kondenatu dute Balenciaga auziagatik
  • Mariano Camio Getariako alkate ohia (EAJ) lau urteko kartzela zigorrera kondenatu dute Balenciaga auzia dela eta. Administrazio desleiala eta merkataritza-dokumentuen faltsutzeagatik zigortu dute.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 14a
Mariano Camio Getariako EAJko alkate ohia (argazkia: EITB).

Beste bi deliturengatik ere epaitu dute Camio, diru publikoaren erabilera okerragatik eta sozietate bateko kide bati informazio eskubidea ukatzeagatik. Bi kasu horietan, ordea, absolbitu egin dute. Horrenbestez, bere kontra zegoen zortzi urteko kartzela-zigor eskaera erdira jaitsi da sententzian. Efe albiste agentziak argitaratu duenaren arabera, Camiok bi isun ere ordaindu beharko ditu: Cristobal Balenciaga fundazioari 43.687 euro eta Berroeta Aldamar sozietateari 426.093 euro.

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan Camiok adierazi du errespetatzen duela sententzia, baina gehiegizkoa iruditzen zaiola eta helegitea jarriko duela.

Diru publikoaren xahuketa

4,8 milioi euroko kostua izan behar zuen Getariako Balenciaga museoak eta 30 milioi gastatu ziren azkenean, Camioren eta proiektuan parte hartu zuten beste zenbait pertsonaren kudeaketa txarra dela-eta. Tartean agertu dira, beste irregulartasun batzuen artean, arkitekto titulu homologatua ez zeukan pertsona baten kontratazioa, honek diru publikoa bere familiari desbideratu izana edo museorako ziren funtsekin Camiok bere auto pribatua konpondu zuela behin baino gehiagotan.

Balenciaga auziak beste zenbait praktika oker ere aireratu ziren epaiketa honen instrukzio fasean, adibidez Getariako jostunaren bildumako zetazko zapiak, museoko piezak izan behar zirenak, Gipuzkoako EAJko buruzagien emazteen eskuetan bukatu zutela frogatu zuen fiskaltzak. Gertakari horiek 1988tik 1990era bitartekoak direnez, ordea, fiskaltzak delituak preskribatutzat eman zituen.