argia.eus
INPRIMATU
Getariako ostalarien elkarteak onartu du adostutako prezioen igoera baztertzea
  • Lehiaren Euskal Agentziarekin akordioa lortu du, eta espedientea itxi diete. 2021eko abenduan guztiek batera igo zituzten prezioak, eta herritarren haserrea piztu zuten. Orain, ostalariek hitzeman dute lehiaren arauak errespetatuko dituztela eta norberak bere prezioak finkatuko dituela, merkatuko baldintzen arabera.

Leire Artola Arin 2023ko otsailaren 10

Lehiaren Euskal Agentziak (LEA) 2021eko abenduan bertan izan zuen Getabat Getariako ostalarien elkartearen adostutako prezioen igoeraren berri, eta zenbait hilabetetako ikerketa eta ikuskapenak egin dituzte. Lehiaren arauen aurkako jokabideak atzeman dituzte, baina Getabatek jakinarazi du akatsak zuzenduko dituztela. Zenbait konpromiso proposatu dituzte elkarteko ostalariek, eta horrexegatik itxi dio espedientea LEAk.

Honela jaso dituzte konpromisoak itunaren txostenean: "Getabatek egindako gomendio kolektiboaren ondorioz argitaratu ziren ostalaritza-establezimenduetako prezioen zerrendak berehala kentzea eta, aldi berean, merkatuko baldintzekin bat etorriz, ostalaritza-establezimendu bakoitzak prezio berriak argitaratzea; merkatu-baldintzak berrezartzeko betebeharrari buruzko informazio zehatza emateko ezohiko batzarrean biltzea". Halaber, ziurtatu dute Getabaten ez direla "lehiaren aurkakoak izan daitezkeen erabakiak" berriro hartuko, eta hori bermatuko dutela.

Getariarrak kexu

Pandemiaren hilabete mugatzailenen ostean, 2021eko hondarrean, Getabat elkarteko taberna eta jatetxe gehienek batera igo zituzten prezioak, elkarrekin adostu baitzuten igoera, eta "prezioen gomendio zerrenda" bat zabaldu zuten, LEAk baieztatu duenez. Sos herritarrak ekimenean bildu ziren hainbat gazte hori salatzeko, eta kritikatu zuten igoera "neurrigabea" zela. Tabernei boikota egin zieten, eta hainbat ekimen antolatu zituzten.

Halaxe dio LEAren eta Getabaten itunaren txostenak: "Hazkunde horrek ezinegona sortu zuen udalerrian, eta hori LEAren webguneko lankidetza-postontzian jasotako salaketaren eta partikular batek Kontsumobiden egindako kontsultaren bidez gorpuztu zen".

Sos herritarrak taldea sortu zuten prezioen igoeraz kexatzeko ez ezik, turismoaren eragina salatzeko ere bai. Hasieratik ohartarazi dute Getaria "turistei bideratutako herri" bilakatu dela, eta getariarrentzat gero eta zailagoa dela bertan bizitzea. Hortik abiatuta, taldeko kideek jakinarazi digute kritika egitetik ekimenak antolatzera pasa direla: "Herriak herritarrei eskaintzen ez diena ematen diogu guk, herritarrentzako ekintzak eta bazkari herrikoiak antolatuz, besteak beste". Azpimarratu dute euren nahia ez dela "tabernei kalte egitea", baizik eta "denok parte hartzeko moduko herria sustatzea".