argia.eus
INPRIMATU
Gertatzen ari denari zentzua eman
  • Orain dela gutxi arte, garaiotan Euskal Herriko mendebaldean hauteskunde kanpaina bete-betean izango ginela aurreikusten genuen, Ipar Euskal Herrian hauteskunde prozesua burutu ostean. Baina ez bata eta ez bestea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azkenean eta kostata, hauteskundeak atzeratu ziren eta Ipar Euskal Herrian bigarren itzulirik ez zen izan. Hauteskundeetatik harago, egun gutxitan normaltasuna apurtu da, zentzu sakonean eta orokortuan, koronabirusari lotutako osasun krisiaren eraginez. Egiatan, oraindik zer ekarriko digun jakiterik ez dagoen krisi sozial orokortu batez ari gara. Mundua aldatzen ari den sentsazio arraroa dugu.

Iker Iraola Arretxe @iraola_ 2020ko martxoaren 23a

 

Erakundeen soziologoek diotenez, gizakiok gure bizitza aurrera eramateko, modu sozialean eratutako erakundeen beharra dugu. Baina ez soilik osasun edota hezkuntza sistemak bezalako erakunde formalena, baizik eta bestelako erakunde ez formalena ere (familia, lagunak, ohiturak…). Finean, goizero esnatzen garenean, gizakiok ezin gara ohean eseri eta “orain zer egingo dut?” geure buruari galdetzen hasi. Aitzitik, ia modu automatikoan gauza gehienak eginak eta erabakita ematen zaizkigu (zer arropa mota jarri, nola orraztu, zer gosaldu, nola joan lanera, zein pertsona agurtu eta zeintzuk ez, eta abar amaigabea), hori guztia guk geuk erabakitzen dugula uste dugun arren. Gainera, historikoa eta soziala den normaltasun hori ezartzean, gizarteko talde boteretsuenen ikuspegia gailentzen da, koertzioa eta adostasuna tartekatuta.

Bada, egunotan normaltasun erakundetu hori lehertu da, neurri batean. Ziurra ziruditen hainbat kontu, behintzat, zalantzan jarri dira. Horrek, gizarte gisa, arriskuak, baina baita aukerak ere, ekartzen dizkigu, noski. Arriskuen artean, aipatzekoa da gizaki isolatuaren errealitatea nagusitzea. Egunotan bakardadearen eta isolamenduaren sentsazioa asko zabal daiteke, fisikoki beste pertsona batzuekin batera egon arren. Arazo sozial eta, beraz, kolektiboen aurreko irtenbide indibidualista indartzen du kale hutsen eta poliziaren nagusitasunaren ikuspegi gordinak. Dena ez da ezkorra, esan dugu, eta isolamenduarekin hautsi eta zaintza bezalako gai zentralak politizatzen dituzten ekimenak ere baditugu aldi berean. Eskerrak.

Antagonikoak diruditen logikak maiz batera gertatzen dira, eta gizabanakoari soilik luzaturiko ardura eskaerekin batera, nazio-estatuaren logikaren indarra agerian gelditu da, berriz ere. Hego Euskal Herritik begiratuta, krisi honetan zentralizazio joerak eta nazionalismo espainiar (askotan) banalaren –hau da, nabaritzen ez denaren– indarra agerikoak dira. Egitura autonomikoek subiranotasun maila bat kondentsatzen duten egituraren izaera baino, dezentralizazio administratibo hutsarena hartu dute. “Lurralderik ez zegoela” esan ziguten, eta handik gutxira Espainiako kanpo-mugak itxi zituten, bidean Euskal Herriaren zatiketan sakonduz. Finean, politika eskala zehatzetan garatu behar da, eta horren atzean beti dago komunitate irudikatua den nazioaren ideia, agerian ala ezkutuan, ezker ala eskuin.

Dirudienez, osasun larrialdia amaitzen denean, hauteskundeak egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurrekanpainan nagusi ziren auziak (Zaldibar, Urkulluren papera, ezkerreko gobernuaren ideia zehaztugabea, Podemosen ildo aldaketa…) ordurako urrun ikusiko ditugu agian, eta oraingo krisiari zentzua ematea beharrezkoa izango da. Zentzu politikoa ere eman beharko zaio anabasa honi guztiari, eta hori Euskal Herriko eskalan egin.