argia.eus
INPRIMATU
‘Gerriya’ hasi da, Donostiako XVIII. Feministaldia
  • Kultura Feminista Jaialdia antolatu dute beste urte batez irailaren 27tik abenduaren 2ra, eta hainbat hitzaldi, tailer eta performance eskainiko dituzte. Gerriya-n jarri dute fokua aurtengoan, azpimarratzeko garaiotan transfeminismotik eta antiarrazakeriatik iraultza egitearen inportantzia. Asteartean zaintzari buruz jardungo dira Kontadores zentroan.

Leire Artola Arin 2023ko azaroaren 28a
Transfeminismotik eta antiarrazakeriatik borrokatzeko hamaika modu lantzen ari dira 'Gerriya' lelopean Donostian. / Argazkia: Feministaldia.

Irailaren 27an ekin diote XVIII. Feministaldiari, Donostiako Kontadores zentroan, eta bi zentzutan landu dute gerriya, aurtengo lema: dancehall lantegia eman du Raquel Coromak eta komunikazio gerrilla afrofeminista egiteko tailerra Afrocolectiva elkarteak; azken horretan ezohikoak diren komunikabideen lanaz aritu dira, ikuspuntu intersekzionaletik, betiere.

Irailaren 28an greba feminista orokorrera begira jarriko dira, Greba bat matxinada bat da mahai-inguruan. 18:00etan hasita, Kontadores zentroan zaintzaren inguruan eztabaidatuko dute lau hizlari feministak: Lore Lujanbiok, Etxekotu Gabeko Emakume Langileek, Elene Lopetegik eta Tania Sirianyk. Euskal Herriko Mugimendu Feministak mahai gaineratu dituen hausnarketei tiraka, zaintza sistema publiko eta komunitarioak izan ditzakeen aukera eta oztopoei buruz mintzatuko dira.

29 arratsaldean ere Kontadoresen jarraituko du egitarauak, 18:00etatik aurrera, eta hitzaldi eta performance bana eskaintzeaz gain, 20:30etatik 22:00etara koktelak prestatuko dituzte bertaratzen direnentzat. Abenduaren 1ean eta 2an Tabakaleran jarraituko dute jaialdia.

Gonbidatu aktibistak, transfeministak eta antiarrazistak

Hainbat tokitako ia 40 gonbidatuk hartuko dute parte Feministaldian, alegia, Gerriya leloa hezurmamitzeko antolatzaileek hautatu dituzten artista, dantzari, pentsalari eta aktibistak: "Gonbidatuek Feministaldia esperimentaziorako gune gisa erabiltzea gustatzen zaigu", oroitarazi dute. Transfeminismo eta antiarrazakeria borroketan diharduten pertsonek emango dituzte hitzaldi eta mahai-inguruak, baina horrez gain, arte adierazpenei eta sorkuntzari ere garrantzia eman diote.

Larunbatean egitarau zabala egongo da, gaualdean Dabadaban antolatutako festan –izena eman behar da– luzatuko dena: hizkuntza, literatura, musika, gorputza, identitatea... bezalako gaiak jorratuko dituzte aste osoan, eta matxinadak egiteko hamaika modu partekatu.

2005ean sortu zuten Feministaldia, eta hemezortzigarrenez antolatu dute, arrazoi honengatik, besteren artean: "Arte garaikidean eta kulturan begirada transfeminista batek kultur politikak eta zapalkuntza eta desoreka sistema zulatu ditzakeela serioki pentsatzen dugulako".

Feministaldiaren webgunean kontsultatu daiteke egitarau osoa eta informazio xeheagoa. Antolatzaileek jakinarazi dute saio batzuk online jarraitzeko aukera egongo dela.