NBEaren Haur eta Gatazka Armatuetarako Idazkari Nagusiak 2018ko egoera azaltzen duen ikerketa kaleratu du, eta ikerketekin hasi zirenetik datu okerrenak jaso ditu: 12.000 ume hil edo mutilatu dituzte 2018an.
24.000 dira 2018an munduan hil, mutilatu, soldadu izatera behartu edo bortxatu dituzten umeak. Horietatik erdiak mutilatuak eta hildakoak dira. Historiako datu okerrenak dira NBEaren Haur eta Gatazka Armatuetako Idazkaritza ikerketa espezifiko hau egiten hasi zenetik.
Kontaketa honek mota guztietako gerretan eta edozein eratako erakundek hildako umeak barnebiltzen ditu: talde paramilitarrek, armadek edo multinazionalek hildakoak alegia. Soldadu izatera behartu dituzten umeak 7.000 izan dira joan den urtean, eta gehienek lehen lerroko funtzioak betetzen dituztela gehitu dute.
Virginia Gamba Haur eta Gatazka Armatuetako Auziaren ordezkari bereziak “kalkulu kontserbadoreak” direla adierazi du, eremu askotan kontaketa zaila dela argudiatuz. Beraz, egoera muturrekoa dela esan du, eta gerretan zaurgarrienak direnak babesten dituzten erakundeetan izaten ari diren diru mozketak salatu ditu: “Azken hiru urteetan gatazketan haurrak babestera zuzenduriko eragileak murriztu egin dira, eta horrela jarraitu ezkero, ez da zeren inguruan informatzeko aukerarik egongo. Lotsagarria da esparru hauetan murrizketak egitea”, adierazi du.
Horrez gain, alde guztiak behartu nahi ditu auzi hau alde batera ez uztera: “Beharrezkoa da alde guztiek umeen babesa lehenestea. Honek ezin dezake itxaron: gatazkan dauden aldeek haurrak babestu behar dituzte eta neurri bereziak jarri behar dituzte martxan giza eskubideen urraketa hauekin amaitzeko”, gehitu du.
Somalia dago okerren
Somalia da munduan haurren egoera okerrena duen herrialdea. 2018an hildako 1.000 ume baina gehiago izan ziren, eta 2.300 soldadu izatera behartu zituzten. 331 umek sexu abusuak jasan zituzten, eta 77 eskola eta 14 ospitaleren aurkako erasoak jaso zituzten. Virginia Gambak nazioarteko komunitateari gatazka hau gertutik jarraitu eta ahalik eta laguntza gehien eskaintzea eskatu dio.