argia.eus
INPRIMATU
‘Gerrei intsumisioa’ aldarrikatuko dute Iruñeko manifestazioan
  • Larunbatean 18:00etan aterako da Iruñeko Gazteluko plazatik Intsumisoen parkerako norabidearekin; han bukatuko da Gerrei intsumisioa: Putin ez, NATO kanpora goiburupean antolatutako mobilizazioa.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 08a
Deialdia egin zuten lau emakumeak Katakraken. (Arg.: Haritz Pascual / Euskalerria Irratia).

 Deialdia Iruñean gerraren aurka sortutako plataformak egin du eta bertan dira 90eko hamarkadaren hasieran derrigorrezko soldadutzaren aurka aritu ziren herritar ugari, besteak beste joan den asteartean deia egin zuten lau emakumezkoak: Cristina Contreras, Argiñe Salanueva, Asun Otano eta Conchi Salinas.

1997an espetxera sartu aurretik bere buruaz beste egin zuen Unai Salanueva intsumisoaren arreba Argiñe Salanuevak mobilizazioaren aurkezpenean jakinarazi zuenez, “NATOn sartzearen eta derrigorrezko soldadutzaren aurka geundenak, berriz ere gerraren aurka atera behar dugu kalera”.

1991n eta 2003an ere antimilitaristak gerraren aurka atera zirela kalera eta orain ere berdin egingo dutela gogorarazi zuten. Aurrekontu militarrak handitzearen eta Ukrainara armak bidaltzearen aurka egingo da manifestazioa, eta eskatuko dute Errusiako zein Ukrainako armadetako desertoreei babesa emateko Europar Batasunean.

Aita Santua ere gastu militarra handitzearen aurka

Zalantza eta eztabaida handiak dira Ukrainara armak bidali behar diren edo ez, eta Mendebaldeko hedabide handienetan armak bidaltzearen alde egiten da etengabe. Baina ez bidaltzearen aurkako jarrerak ere zabalak dira, baita aurrekontu militarrak handitzearen aurkakoak.

Horien artean nabarmentzen da gerraren aurkako ikuspegia agertzen ari den Aita Santuarena: “Lotsa sentitzen dut gastu militarra %2ra handitzen duten estatuekin, zoroak dira! Egiazko erantzuna ez dago arma gehiago, zigor gehiago eta aliantza politiko-militar gehiagotan (...)”. Martxoaren 24an Errusiak inbasioari ekin zioen egun berean Aita Santuak egindako adierazpen antimilitarista zabalaren zatitxo bat besterik ez dira aipatutako hitzak.