argia.eus
INPRIMATU
Gerraren kontrako mobilizazioak antolatuko ditu mugimendu feministak
  • Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta, maiatzaren 24tik 26ra bitartean ekimen eta mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 11
Arma-esportazioaren kontra Bilboko portuan (Santurtzi) egindako ekintza feminista

Jendarte justuago eta beraz feministagoaren aldeko borrokan gerrari erreparatzea ezinbestekoa deritzo Mugimendu Feministak. Horregatik mobilizazioetara deitzea erabaki du Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko egunarekin batera. Batetik, gerrak eta armadak, “heteropatriarkalak, inperialistak, kolonialistak, kapitalistak eta arrazistak” direlako eta emakumeen gorputzak gerra-arma bezala erabiltzen direlako, hauenganako indarkeria areagotu egiten delarik. Eta bestetik, gatazken erresoluzio prozesuetan emakumeek betetzen duten paperari funtsezkoa deritzotelako eta eremu honetan mugimendu feministak egin dituen lorpenak aitortu nahi dituztelako.

Maiatzaren 24a da Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko eguna, 1981-2000 bitartean hainbat emakume britainiarrek Greeham Common-eko (Ingalaterra) AEBetako base militarraren ondoan antolatu zuten kanpaldi antimilitaristaren lorpenak gogoan hartuz. Euskal Herrian ere gerraren aurka emakumeek rol aktiboa izan dutela gogorarazi dute: “NATOren aurka sortutako mugimendutik hasi eta zenbait garaitan berraktibatutako uholdetxoak badu ikuspegi feminista, antimilitarista eta antikoloniala”.

Mugimendu horren azken “uhaldetxoa” iragan abenduaren 16an Bilboko Portuan (Santurtzi) izan zen. Handik esportatzen den armen negozioaren kontra kateatu ziren hainbat emakume. Salaketa horren ostean arma-esportazioa Santanderreko (Espainia) portura lekualdatu duten arren, lorpen txiki horrek ez du ekidin arazoaren iturburuak bere horretan jarraitzea. Euskal Herrian bertan armagintzara eta gerrara bideratutako enpresa asko dagoela ohartarazi dute.