argia.eus
INPRIMATU
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako
  • Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 13a
Ostegun goizean egin dute agerraldia. GKS

Mendebaldeko gizarte kapitalistak sortutako bi arazo larri salatzea izango dute helburu mobilizazioek: "gerraren mehatxua" eta "faxismo berriaren hedapena".  Horren aurrean, gazte antolakundeak mobilizatzea beharrezkotzat jo du. Ostegun goizean agerraldia egin dute deialdien berri emateko.

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela eta horrek langile-klaseari etengabe eragiten diola salatu du gazte antolakundeak. Gerraren mehatxua areagotu egin dela, eta Europar Batasunaren barruko gerra arriskua are gehiago handituz doala adierazi du GKSk.

Faxismoaren gorakada medio, ideia erreakzionarioen hedapena ere gorantz doala ohartarazi du antolakundeak. Argi azaldu dute "elite globalistaren eta kultura posmodernoaren aurka" agertu diren talde faxistek langile-klasearen aurkako gorroto-ideologia zabaltzen dutela. “Langile-klaseko sektore zaurgarrien aurka egiten dute, eta benetako erantzuleak zuritzen dituzte".

Azkenik, Euskal Herrian ere gorakada hori gertatzen ari dela nabarmendu du GKSk, eta kolektibo matxistak, arrazistak eta klasistak kalean indarberritzen ari direla. Horren aurrean, Euskal Herrian faxismoa eta agenda belizistak "normalizatu ez daitezen", urtarrilaren 25eko manifestazioetan parte hartzeko deia egin du.