argia.eus
INPRIMATU
Gerraren desarrazoia, bertatik bertara

Mikel Aramendi 2023ko urtarrilaren 09a
Argazkia: Premier.be

Egitateak ezagun samarrak ditugu, Ukrainako gerran ohikoa izaten ari denerako behintzat. Gogoeta sakon samarra egiteak, ordea, beldurra, edo higuina, ematen duela dirudi. Alde guztietan, antza.

Egitatea da Urtezahar gauerdian (ia puntu-puntuan, kronikek diotenez; baina ez dute argitzen MSK, EET edo GMT ote zen gauerdi hori; badu bere interesa datutxo horrek ere) ukrainar indar armatuen Himars bateria baten misilek Donetseko Makiivkan garai batean lanbide-eskola zenean gerizatuta zeuden soldadu errusiar mobilizatu berriak akabatu zituela. 89 erail omen zituen erasoak, eta beste asko zauritu, behingoz sinesgarri samarra dirudien errusiar bertsioaren arabera (ukrainarren kontaketa puztua baino sinesgarriagoa da, behintzat).

Ia une berberean, oso antzeko erasoa gertatu bide zen Makiivkatik ia 500 kilometrora, Khersongo oblastean, dagoen Chulakivkan. Baina kasu horretan, datu garbirik ez badago ere, biktimak askoz bakanagoak izan zirela ematen du. Izan ere, Makiivkako kasuan, erasotzaileen misilek baina dezente biktima baino gehiago eragin izango zituzten, tropekin batera, eraikin berberean, metatuta zeuden munizio eta abarren leherketak.

Erasoen inguruabar guzti-guztiek (unea, itua, baliabideak) aditzera ematen dute abaro zeuden soldadu errusiarrak ehizatzea zela ukrainar ekintzen helburu bakarra. Eta horrek berak egingo luke sinesgarri, halaber, Moskuk plazaratu duen zuribidea: soldaduek, aginduei entzungor eginda, erabiltzen arituko ziren sakeleko telefonoen seinaleek gidatuta helduko zitzaizkien misil ukrainarrak. Jakinaren gainean hitz egin dezake horretaz Kremlinak: mende laurdena baino gehiago da errusiar FSBak sistema horixe bera erabili zuela Dzhokar Dudaiev, Txetxeniako presidentea hiltzeko, konplexutasun gehixeago zuen operazioan.

Esan gabe doa biktimak beren patuaren errudun bihurtzen dituela horrek eta, hein batean, ahoa itxiarazten diela haien hurbilekoei, munizioak eta tropak batera edukitzearen erantzukizunagatik ez bada. Bidenabar, bake-nahia baino askoz gehiago ereiten du mendeku-gosea gertaerak Errusian, Putin eta haren ingurukoen erosotasunerako. Datozen egunetan ikusiko dugula iruditzen zait.

Ez dakit Kieven edo operazioa planifikatu zutenen helburua hori izan ote zitekeen. Ez dirudi oso zuhurra. Baina D. Dugina hiltzeko, Baltikoko gasbideak suntsitzeko edo Kertxeko zubia erauzteko erabakiak ere hartu eta eginbidean jarri zituen norbaitek.

Izan ere, batzuentzat, ahalik eta etsai gehien akabatzea da gerra. Etxera deika ari diren Saratoveko kintoak direnean ere.