argia.eus
INPRIMATU
Gerraren aurkako mobilizazio feministak egingo dira gaur hiriburuetan
  • Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko eguna da maiatzaren 24a, eta egun honen aitzakian ostegunean mobilizazioak deitu ditu hiriburuetan Mugimendu Feministak.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 24a
Emakumeak Bilboko Portuan (Santurtzi) kateatuta, arma esportazioaren kontra egindako ekintza feminista (J. Marcos)

Jendarte justuago eta feministagoaren aldeko borrokan gerrari erreparatzea ezinbestekoa dela deritzo Mugimendu Feministak, baita gatazken erresoluzio prozesuetan emakumeek betetzen duten funtsezko papera aintzakotzat hartzea ere. Hori horrela, Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko egunaren bueltan ekintzak antolatu dituzte, tartean osteguneko elkarretaratzeak.

“Hego Euskal Herrian armagintza enpresa asko ditugu, baina baita hauen aurkako borroka historiko bat ere, ikuspegi feminista, antimilitarista eta antikoloniala duena. Beraz, borrokan jarraitzeko unea da, beltzez eta morez jantzi, eta atera kalera gerrari planto egitera!”, jendarteari dei egin diote mobilizazioetan parte hartzera. Ohar bezala, beltzez eta morez jantzita joatea iradoki dute.

Elkarretaratzeen tokiak eta orduak ondokoak dira: Bilbon, 19:00etan, Biribila plazan; Bermeon, 19:30ean, Harrizko Harrian; Gasteizen, 20:30ean, Andra Mari Zurian; Iruñean, 20:00etan, Gaztelu plazan; eta Donostian, 18:30ean, Bulebarrean.

Bestalde, larunbatean, maiatzak 26, “Armagintzari planto!” lemapean manifestazio feminista antimilitarista deitu dute. Getxon egingo da manifestaldia, eta 12:00etan abiatuko da Areetatik.