argia.eus
INPRIMATU
Gerran direnei armak saldu eta iheslariei mugak blindatu, Europako hainbat enpresaren pagotxa
  • Europako zenbait arma fabrikatzailek lizentziak lortzen dituzte gerran dauden herrialdeei armak saltzeko; ondoren, gerra horietatik ihesi datozen zientoka pertsonari mugak ixteko kontratuak sinatzen dituzte, ikerketa batek azaleratu duenez.

ARGIA @argia 2016ko uztailaren 05
Immigrazioaren negozioa zirkulu itxia dela salatu du ikerketa batek.

Transnational Institute erakundeak, arma salerosketaren aurkako Stop Wapenhandel ekimenak eta bakeari buruzko Centre Delás ikerguneak plazaratu dute ikerketa. Ondorio nagusia da, Lucia Villa kazetariak Público egunkarian nabarmendu duen moduan, Europako mugen militarizazioak irabazi handiak ematen dizkiela segurtasun eta defentsarako produktu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei eta, hain justu, enpresa horietako batzuk direla Ekialde Erdiko eta Afrika iparraldeko herrialdeei armarik gehien saltzen dizkietenetakoak. Hori guztia Europar Batasuna (EB) "bere erantzukizuna saihesten" ari den bitartean.

Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko EBren neurri nagusia mugak blindatzea izan da, kazetariak dioenez. 2004-2020 bitarteko finantzaketa-programak medio, EBk 4.500 milioi euro bideratu ditu mugetako segurtasuna sendotzera. Beste datu bat: mugen kontrolerako agentzia nagusiak, Frontex-ek, 2005ean 6,3 milioi euroko aurrekontua zuenak, 238 milioi eurokoa du aurten.

Mugen kontrola, negozio

Mugak blindatzeko ibilgailu militarrak, helikopteroak, dronak, hesiak, bigilantzia aparatuak eta gainerako baliabideak eskaintzen dituzten enpresen sarea handia da oso, baina horietako bosten gainean jarri du arreta ikerketak: Airbus, Thales eta Safran frantziarrak, Finmeccanica italiarra eta Indra espainiarra.

Mugen kontrola handitzeko kontratuei dagokienez, Airbus eta Finmeccanica dira onuradun nagusiak. Airbus, gainera, kontrol horretara bideratutako ikerketa eta garapen proiektuak garatzeko EBren eskutik diru-laguntza handiena (ia 10 milioi euro) jaso duen enpresa da. Eta, hain justu, bi enpresa horiek eta Thales dira arma salerosle handienetakoak. Negozio horrek 95.000 milioi euroko irabaziak eman zituen 2015ean.

Europar Batasunaren papera

Ikerketak erakusten duenez, EBk abian jarritako politikak hertsiki loturik daude segurtasunaren sektoreko lobbyari, hainbat erakunderen bitartez. Esaterako, EOS segurtasun agentzia (haren parte dira Thales, Finmeccanica eta Airbus), ASD elkartea eta Friends of Europe ikergunea.