argia.eus
INPRIMATU
Gerrak erbestera eramandako umeen historia gogora ekarriko dute Oiartzunen
  • 1936ko Gerrak erbestera ihes egin behar izan zuten Oiartzungo umeek bizi izandakoa jaso du Kattin Txiki elkarteak Haur Erbesteratuak dokumentalean. Otsailaren 13an aurkeztuko dute Oiartzungo udaletxean.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 05a
Argazkia:Euskal Herriko haur erbesteratuak

1936ko Gerraren ondorio gogorrenetako baten isla nahi du izan oroimen historia lantzen duen Kattin Txiki elkartearen azken lanak. Faxismoaren aurka ari ziren borrokalariek atzera egin behar izan zutenean, Oiartzundik familia ugarik ihes egin behar izan zuen, horietatik askok atzerrira. Gerra hasi zen unetik, pertsona askok utzi behar izan zuen bizilekua, eta horien artean, asko, umeak izan ziren. Guztira 37.930 haur erbesteratu zituzten garai hartan, erakunde politiko, sindikal eta herrialde askotak laguntza humanitarioari esker.

Atzerriko bizimodura egokitu ziren momentuan, etxera itzuliarazi zituzten. Jaioterira itzultzean, faxisten eta Elizaren nahietara antolatutako bizimodu batekin batekin egin zuten topo. Dokumentalak Oiartzunen garai hartako bost haurren testigantzak jaso ditu eta dokumentalaren aurkezpenarekin batera omenduko dituzte: Maria Gaztelumendi Sagarzazu, Nikolas Aristizabal Alzugarai, Maria Luisa Lahoya Lapesa, Manoli Mujika Ezponda eta Maritxu Mujika Ezponda izango dira protagonistak. 

Dokumentalaren aurkezpen publikoa otsailaren 13an izango da Oiartzungo udaletxean, eguerdiko 12etan.