argia.eus
INPRIMATU
Gerrak emakumeengan dituen ondorioak salatu dituzte Bilbon eta Gasteizen
  • Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko egunean, maiatzaren 24an, Euskal Herriko feminista antimilitaristak gerrak emakumeen eta neskatoen gorputzean dituen ondorio suntsitzaileak salatzera irten dira kalera.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 26a
Argazkia: Ecuador Etxea

Maiatzaren 24an irten dira kalera gerra salatzeko asmoz talde feminista antimilitaristak. Gasteizeko kasuan, gerrak emakumeengan dituen ondorio suntsitzaileak salatu dituzte, bizitza politikaren eta sistemaren erdigunean jartzeko eskatuz. Gerra, horren arrazoiak, ondorioak eta, batez ere, emakumeen eta neskatoen gorputzen gainean dituzten ondorio suntsitzaileak izan dira hizpide.

Alea komunikabideak jaso duenez, Armiarma talde feminista antimilitaristak, Emakumeok Gerraren Aurka ekimenak eta Emakumeen Etxea Blokeak deitu dute protesta Gasteizen. Andra Mari Zuriaren Plazan izan da protesta eta bertan, emakumeek sokatira antzeztu dute: "Arrazoi eta bihotzarekin garaitu eta konbentzitu ditugu militarrak, aurrekaririk gabeko sokatira batean. Heriotza eta botere posizioen aurrean alternatibak eraikitzen ditugu bizitza politikaren eta sistemaren erdigunean jarriz", azaldu dute feminista antimilitaristek. Gizartearen militarizazioa ere salatu dute, Loma Jeneralaren Plaza eta General Alava kaleak berrizendatuz, Greenham Common Emakumeak izenarekin. 1981etik 2000ra bitartean Ingalaterran arma nuklearren aurka egindako protesta luzea oroitu nahian jarri diote izen hori.

Bilboko ekitaldia Emakumeok Gerraren Aurka eta Armiarma talde feminista antimilitaristak deitu dute. Ecuador Etxeak bere irakurketa jaso du, eta bertan irakur daitekeenez: “Pairatzen ari garen osasun eta gizarte krisialdiak erakusten digu zein zentzugabekeria globalean kokatuta gauden, zein ahulak garen eta bizi garen gizarte-eredua birpentsatzeko premia atzeraezina dugula”. Gaur egungo testuinguruan, militarizazioak, beldurrak eta baliabide ezak kolektibo pobreenei eragiten diela salatu dute, emakumeei eta munduko leku askotan gerretatik ihes egin duten pertsonei, gehienbat.