argia.eus
INPRIMATU
Gerra zikinaren 23 biktimari ordainarazi dizkiete kostu judizialak terrorismoaren biktima aitortza eskatzeagatik
  • Egiari Zor fundazioak adierazi duenaren arabera, guztira 106.000 euro ordaindu dituzte GAL eta Batallon Vasco Españolen 23 biktimen familiek.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 06a
Joxi Zabalaren familia da kostu judizialak ordaindu dituen familietako bat.

Espainiako Gobernuak 2014an estatu-terrorismoaren hainbat biktimei aitortza ofiziala ukatu zien, eta orduan berria zen Terrorismoaren Biktimen Legeak markatzen zituen indemnizazioak jasotzea ukatu. Aitzakia gisa Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren zortzigarren artikulua jarri zuen. Artikulu horren arabera, biktimen indemnizazioa murriztu edo ukatu ahal izango da biktima "antolatutako delinkuentziagatik edo ekintza biolentoak egiten dituen erakunde batean egoteagatik" zigortua bada, baina estatu terrorismoaren biktima aitortza eskatu dutenak ez dira delitu hauengatik zigortuak izan. Barne Ministerioaren erabakia polizia-txostenetan eta prentsa artikuluetan oinarritu zen, ez erabaki judizialetan.

Hori dela eta, biktimen familiek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten. Familien eskakizunak ukatu zituen auzitegiak; eta horren ondorioz familiek kostu judizialak ordaindu behar izan dituzte.

Egiari Zor taldearen arabera, 2019. urtean hasi ziren iristen kondenak, eta guztira 106.000 euro ordaindu behar izan dituzte. Gutxien ordaindu dutenek 1.000 euro ordaindu dituzte, eta beste familia batzuek ia 19.000 euro. Fundazioaren arabera, min eta aurreiritzi gehiago sortzeko borondate politiko garbia dago guzti horren atzean, eta ondorengo hausnarketa plazaratu du: "Halabeharrezkoa da galdetzea ea Estatuaren abokatutzaren irizpideak berdinak izango liratekeen biolentziaren iturria ezberdina izango balitz".