Ostiral honetan 81 urte bete dira Eusko Jaurlaritzak CNT sindikatuko egunkariaren errotatiba bahitu zuenetik. Efemeridearekin bat eginez, sindikatuak gogora ekarri du 40 urte daramatzatela Gerra Zibilean kendu zizkieten ondasunak berreskuratzeko eskatzen.
CNT del Norte egunkariaren errotatiba bahitu zuen Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuak 1937ko otsailean erosi zuen, milioi bat pezetaren truke, aipatutako publikazioaren 15.000 aleak inprimatu zitezkeela ziurtatzeko. Handik hilabetera, ordea, Eusko Jaurlaritzak inprimategiak birbanatzeko agindu zuen, erakunde anarkistari erosi berria zuen makineria kenduz –CNTren eta EAJren arteko eztabaida handia eragin zuen operazio hark–.
81 urteren ondoren, CNTk uste du egungo Eusko Jaurlaritzak erantzun bat zor diela bahitura harengatik. “Memoria Historikoaren alde dagoela esaten du eta biktima guztien eskubidea aitortzen duela, eta hala da zenbait kasutan. Baina ez du kontuan hartzen CNTren aldarrikapen legitimoa, bilerak eskatu arren ez du erantzun bakar bat ere eman”, esplikatu dute.
Ostiral honetan emandako azalpenen arabera, 2015etik ari dira aipatutako errotatibaren bahiturari buruzko azalpen ofizial bila. “Euskaldun guztion gobernuak derrigortuko gaitu, Espainiako Estatuak egin duen bezala, tribunaletara joatera?”, galdetu dute.
40 urte frankismoak ebatsitakoa berreskuratu gabe
“Nola da posible ‘sendotutako demokrazia’ honen 40 urteren ondoren CNTk oraindik eskatzen jarraitu beharra bere ondare historikoa itzultzeko?”, galdetu du sindikatuak, prentsaren aurrean. Gogora ekarri dute kendu zizkieten jabetza zehatzei buruzko epaiketen zain jarraitzen dutela eta bahitu zizkieten jabetzetatik %10 besterik ez dutela berreskuratu azken lau hamarkadetan.
Frankismoa amaitzearekin batera, Adolfo Suarez Espainiako presidenteak Richard Ellis kontsultari britainiarrari eskatu zion baloratu zezala erregimenak CNTri kendutako ondasunen balio ekonomikoa. Emaitza: garai hartako 30.000 milioi pezeta –180.303.631 euro lirateke pezetaren azken balioarekin trukea eginda, baina kopuruak handiagoa behar luke berez, Espainiako monetak 40 urtean jasandako debaluazioengatik–.
CNTk nabarmendu du Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 60/147 ebazpenak ezartzen duela jasandako kaltearengatik ordaina jasotzeko eskubidea eta, zehazki, NBEk Frankismoko krimenei buruz egindako txosten batean bahitutako ondasunak itzultzea derrigorrezkotzat jotzen duela.