argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko hobi komun handienetako bat aurkitu dute Bilbon, gudari eta milizianoen 40tik gora gorpurekin
  • Euskal Herrian aurkitu den 1936ko Gerrako hobi komun handienetako bat azalerazi dute Bilboko Begoñako hilerrian. 46 gorpuzki daude bertan, gehienak Errepublikaren alde borroka egindako gudari eta milizianoenak. Gogora Institutuak DNA probak egingo dizkie.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 30
Aurkitutako objektuak (Argazkia: Bilboko Udala)

"Jakina zen Begoñako hilerrian Gerra Zibilean hildako pertsonak lurperatuta zeudela, gehienak banaka, baina ez zegoen hilobi komun honi buruzko dokumentaziorik". Hala irakur daiteke Bilboko Begoñako hilerrian egindako aurkikuntzaren berri emanez Aranzadi Zientzia Elkarteak publiko egindako idatzian. Elkartearen gidaritzapeko Begoñako Argia proiektuaren pean, gaur artean EAEn ezagutzen den 1936ko gerrako hobi komunik handiena aurkitu dute, eta Euskal Herriko handienetakoa. 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte, "horietatik 42 gudariak eta milizianoak", hobian aurkitutako gerrikoen belarrien eta txapen bidez ondorioztatu daitekeenez.

Lau atal ditu aurkitutako hobi komunak. Lehen bi ataletan bina gorpu lurperatu zituzten, ahoz gora, eta "gutxienez horietako batek exekutaturik hil izanaren zantzuak zeuzkan –bala-zuloa garezurrean eta eskuak bizkarrean lotuta–". Aranzadiren arabera, horietatik hiru hilerriko erregistroaren arabera hilobi komun batean lurperatutakoak izan daitezke. "Laugarrena ez da erregistroan ageri, baina hilarria zeukan leku horretantxe". Elkartearen arabera, gutxienez bi matxinatutako bandokoak lirateke, eta ziurrenik errepublikazaleek exekutatu zituzten frankistek Bilbo hartu baino egun batzuk lehenago.

Hilobiko hirugarren eta laugarren ataletan 17 eta 25 gorpuzki aurkitu dituzte, hurrenez hurren. Gorpuzkiekin batera aurkitutako materialaren bidez ondorioztatu daitekeenez, Bigarren Errepublikaren alde borroka egindako gudari eta milizianoak lirateke denak. Hirugarren atalean ahuspez lurperatu zituzten gorpu guztiak, eta laugarrenean ahuspez zein ahoz gora.

Gorpuzkiekin batera, objektu ugari aurkitu dituzte hobian: txanponak, txiskeroak, arkatzak, orraziak, labanak, botoiak, botak, munizioa, soldaduen txapak eta gerriko-belarriren bat.. besteren artean.

Begoñako hobi komuna.

Begoñako Argia proiektua iragan urrian jarri zen martxan, eta bere baitan 2.200 pertsona baino gehiagoren gorpuzkiak desobiratu dituzte. "Lan horien eta aurretiazko dokumentazioaren ondorioz, bagenekien Gerra Zibilean hildako hainbat pertsonaren hondarrak zeudela Begoñan: batzuk desobiratuta zeuden dagoeneko, bai Begoñako Argia proiektuan, bai lehenago. Gehienak banaka lurperatuta zeuden, eta guztiek zeukaten dokumentazioa hilerriko erregistroan". Alabaina, azken asteotan aurkitutako hobi komunari buruzko dokumentaziorik ez zegoen.

Asteazkenean aurkeztu dituzte aurkikuntza eta bere ondorioak Bilboko udaletxean, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendari nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua bertan zirela.

DNA laginak

Aranzadik jakinarazi duenez, Gogora Institutuak DNA probak egingo dizkie agertu diren gorpuzki guztiei, eta Begoñako hilerrian ehortzitako 1936ko Gerrako biktimen senideen DNArekin alderatuko dituzte.

Zentzu horretan, Artolazabalek dei egin die Bilboren defentsan hildakoen senideei, Gogora Institutura informazioa ematera hurbil daitezen.