Usurbil 1936 elkarteak jaso dituen testigantzei esker jakin dute Espainiako Gerra Zibilean tropa faxistek lagun ugari hil eta hobiratu zituztela egungo N-634 errepide alboan, Irubiden.
Elkarteko kideek herritarren lekukotzak baino ez dituzte jaso ahal izan, garai hura bizi izan zutenena, nahiz haien ondorengoena, Noaua aldizkariak jaso duenez. "Dokumentuen bilaketa antzua izan da oraingoz, gehienak atxilo edo preso hartu eta inolako epaiketarik gabe ekarri baitzituzten hona hiltzera", diote Usurbil 1936-ko kideek. Horregatik, Irubiden jarritako oroigarrian ez dute eraildakoen izen-abizenik zehaztu. "Lekukotasun batzuetan oinarrituz, uste dugu bi identifikatu ditugula, erabateko segurtasunik ez eduki arren", azaldu dute.
Memoria-guneak berreskuratzea da elkartearen helburuetako bat, eta bide horretan laugarrena da Irubidekoa. Aginagako hilerrian dago bat, Meaga-Oikia errepideko bihurgune batean bigarrena eta Udarregiko ikastolan hirugarrena –fusilatutako maisu baten oroimenez–. "Gaurkoa dugu laugarrena, kolpistak Usurbilera sartu zirenetik 86 urte betetzen diren egunean", azaldu du elkarteko kide Xuban Zubiriak, biktimei aitortza egiteko oroitarria jarri duten tokian egindako ekitaldian, igandean.
Maravillas Lamberto gogoratu dute Ibiriku Deierrin
Maravillas Lambertok 14 urte zituen gurdia zibilek haren aita atxilotu zutenean. Larragako etxean zen bera ere, eta aitarekin joan nahi izan zuen. Guardia zibilek behin eta berriro bortxatu zuten Maravillas, eta aitarekin batera hil.
86 urte geroago, erail zituzten lekuan, Ibiriku Deierrin, Maravillas Lamberto gogoratzeko ekitaldia egin da igandean. Haren omenezko harrizko estela ere paratu dute, Pello Iraizozek egina.