Azken bost urteotan egindako ikerketan 1936-1945 urteen artean Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban hildako 20.970 pertsona bildu dituzte datu-basean, horien artean bertakoak izan baina beste lekuren batean hildakoak ere. Horietatik 698 oraindik identifikatu gabe daude. Izaera zabalagoa duen ikerketa-lan baten lehen zatia da hau.
2016ko uztailean sinatu zuen hitzarmena Eusko Jaurlaritzak Aranzadi Zientzia elkartearekin eta EHUko Giza Eskubideen Katedrarekin, 1936 eta 1978 urteen artean gertatutako oinarrizko eskubideen urraketei buruz txostena egiteko. 1936ko uztaileko altxamendu militar faxistak eta bere ondorioek, Gerra Zibilak eta 40 urteko Diktadura Frankistak, eragindako injustiziak ikertzea da xedea.
Azken bost urteetan egindako lanaren emaitza da gaur Gogorak, Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetasunaren eta Giza Eskubideen Institutuak aurkeztu duen txostena. Bertan, 1936 eta 1945 urteen artean, Gerra Zibilean eta lehen frankismoan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban hildako biktimak eta baita bertakoak izanik ere beste lekuetan hildakoak jaso dituzte datu-base batean. Ikerketa orain arte kontsultatu ahal izan dituzten dokumentuetan oinarrituta egin dute, eta, beraz, ekarpen berrietara zabalik dago.
Orotara 20.970 hildako erroldatu dituzte. Horietatik 698 oraindik identifikatu gabe daude. Gainera, ez da ezagutzen 7.795 pertsona non dauden lurperatuta. Guztietatik 13.283 dira matxinatuek eraginda hildako biktimak, eta 7.687 errepublikanoek eragindakoak.
Txostenean ikuspegi historikoaz gain giza eskubideen gaineko zuzenbidearen ikuspegia ere jaso nahi izan dute. Izan ere, txostenak biktima ez-borrokalariak, hau da, bonbardaketa matxinatuetan hildakoak, gerra-kontseiluak exekutatutakoak, matxinatuek judizioz kanpo exekutatutakoak eta preso egonik hildakoak, gizateriaren aurkako krimenen biktimatzat hartzen ditu. Izan ere, zehazten dutenez, “indarkeria frankista etsaia deuseztatzeko estatu-politika gisa planifikatutako jarduna izan zen, eta hori dela eta gizateriaren aurkako krimentzat hartzen da”.
Txostenaren egileek azpimarratzen dutenez, errepublikaren aldekoek ere giza eskubideen urraketak eta krimen larriak egin zituztela jakina da, baina horien berri jaso zuten eta berrogei urtean zehar, diktadurak iraun artean, alegia, biktima horiei arreta, aitortza eta omenaldi ofiziala eman zitzaien.
Kontrara, ordea, hildako errepublikanoak erreboltari, matxino eta traidoretzat hartu zituzten, eta, ondorioz, erakundeen tratu txar sistematiko eta kolektiboa egon zen, eta horrek eragotzi egin zuen hilotzak non zeuden jakitea, nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratuz.
Sarean dago Euskadin gerra zibilean hildako biktimak txostena, eta baita datu-basea bera ere, kontsultatzeko moduan.
Bideo honetan azaltzen da datu-basea nola erabili: