argia.eus
INPRIMATU
Gerra-kriminalak
  • Urtebete pasa da Abkhazia lehenengo aldiz bisitatu nuenetik. Agian epe laburregia da aldaketarik somatzeko, baina ez nuen uste bi aldietako irudiak elkarren kalkoa izango zirenik ere. Georgia eta Abkhazia arteko mugan topatu dut emakume hau. Nazio Batuek jarritako autobusetik jaitsi eta Georgiako alderantz zuzendu da, ttipi-ttapa, bere bastoiak lagunduta: duela urtebete ikusitakoaren errepikapen hutsa.

Karlos Zurutuza @karloszurutuza 2008ko abuztuaren 01

Urtebete pasa da Abkhazia lehenengo aldiz bisitatu nuenetik. Agian epe laburregia da aldaketarik somatzeko, baina ez nuen uste bi  aldietako irudiak elkarren kalkoa izango zirenik ere. Georgia eta Abkhazia arteko mugan topatu dut emakume hau. Nazio Batuek jarritako autobusetik jaitsi eta Georgiako alderantz zuzendu da, ttipi-ttapa, bere bastoiak lagunduta: duela urtebete ikusitakoaren errepikapen hutsa.

Gerra motz eta basati baten ostean, Abkhazia Georgiatik banatu zen duela 15 urte. Bi bandoek jasotako milaka hildakoei errefuxiatuen drama gehitu behar zaie. Antza, 200.000tik gora georgiar (Abkhaziako biztanlegoaren erdia) kanporatua izan zen, euren etxeak, baserriak, abereak eta, batez ere, euren jaioterria atzean utziz. 1999an Abkhaziako gobernuak mugaren inguruan bizi zirenei bueltatzen utzi zien, betiere "gerra-kriminalak" ez direla frogatu eta gero. Ez diot nik gerra-kriminalaren itxurarik atera amon honi. Abkhaziako gobernuak hala pentsatuko zuen ere, horregatik utziko zioten bere etxera bueltatzen. Egia esan, ez dakit gerra-kriminal batek ze itxura duen. Ziurrenik bat baino gehiago gurutzatu dut kaletik nire bidaietan zehar, baita bateren batekin hitz egin ere… Areago, agian bostekoa eman izan diot horietako bati. Esan bezala, ez dakit ze itxura duen gerra-kriminal batek.

Emakume honekin, aldiz, ez dut hitz egiteko paradarik izan. Senideren bat bisitatzera edo, besterik gabe, Abkhazian aurkitzen ez duen zerbait erostera pasako zen georgiar aldera. Makina bat istorio izango ditu kontatzeko bere kaukasiar hizkuntza ederraz: politak batzuk, baina tristeak asko, batez ere azken 15 urteotan bizitakoak.