argia.eus
INPRIMATU
Gerra hotsa Israel eta Hezbollahren artean
  • Netanyahuk esan du “intentsitate handiko operazioa” egiteko prest dagoela Libano eta Israel arteko mugan. Hezbollahk adierazi du ez duela gatazka areagotzea bilatzen, baina “erabateko gerra” egiteko prest dagoela Israelek hala nahi badu.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 10a
Israelen bonbardaketa baten ondorioak Libano hegoaldean, urtarrilean. Argazkia: AFP

Azken zortzi hilabeteetan eraso ugari egin dizkiote elkarri Israelek eta Libanoko Hezbollahk. Erasoak areagotu egin dira azken asteetan, eta tentsioa gora doa, bai ekintzen kopuruari dagokienez, eta baita bi aldeen adierazpenetan ere. Israel Libanoko mugatik geroz eta barrurago eraso egiten aritu da azken asteetan, eta kezka zabaldu da nazioartean ea eskala handiko gatazka sortuko ote den bi indarren artean.

Netanyahu Libanoko muga inguruan egon da aste honetan, agintari militarrekin bilduta. Bertan adierazi du ez direla “ezer egin gabe” geldituko, eta prest daudela “ekintza gogorrak” abiatzeko Hezbollahren aurka. Aste honetan Israelgo Gobernuak onartu du 350.000 soldadura igotzea erreserbista kopuruaren muga, iparraldeko tentsio gorakadaren testuinguruan. 50.000 erreserbista mobilizatu dituzte jadanik. Israelgo Gobernuko bozeramailea den David Mencerrek esan du iparraldean borrokatzea “ez dela errealitate jasangarria”, baina gobernuak bermatu egingo duela Libanoko mugatik gertu bizi diren israeldarren segurtasuna. “Hezbollahren esku dago erabakitzea ea diplomaziaren bidez izango den, edo indarrez”.

Hezbollahk, bere aldetik, adierazi du ez duela bilatzen Israelekin gatazka handitzea, baina gerra inposatzen badiete borrokarako prest daudela. Sheikh Naim Qassem Hezbollahko agintariak ohartarazi du sionistek aurrera egiten badute Libanoren aurkako gerran, haien erantzuna izango dela “sarraskia, suntsiketa eta lekualdatzeak” eragitea Israelen. “Erabateko gerra borrokatu nahi badu Israelek, gu prest gaude horretarako”.

Zortzi hilabete elkarri eraso egiten

2023ko urritik eraso ugari izan dira Libano eta Israelen arteko mugaren alde banatan. Hezbollahk gaitasun handia erakutsi du arrakalak sortzeko sionisten defentsa sisteman. Israelgo agintariek “harridura” ere azaldu dute erasoetako batzuekin, sionisten base militarrak kolpatzea lortu baitu milizia xiitak. Human Rights Watch erakundearen arabera Israelek fosforo zuria erabili du azken hilabeteetan Libanoko zibilen zonaldeei eraso egiteko. GKEak ohartarazi du gutxienez Libanoko hamazazpi herriren aurka erabili dutela sionistek nazioartean debekatua dagoen munizio mota hori, horietako bost zibilen bizilekuen aurka. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 173 pertsona zauritu dituzte fosforo zuriarekin.

Al Jazeera hedabidearen arabera Israelen aire erasoek Hezbollahren 300 miliziano hil dituzte urriaren 7tik, eta 80 zibil inguru. Israelgo indar armatuen esanetan Libanotik heldu diren erasoek hamazortzi soldadu sionista eta hamar zibil hil dituzte epe berean. Hala ere, iturri ezberdinen arabera bi aldeak aritu dira indarrak zaintzen, gatazka areagotu ez zedin. Iranen babesa du Hezbollahk, eta AEBena Israelek, erabateko gerra baten ondorioak oso larriak izan daitezke nazioartean.

AEBen ohartarazpena Israeli

Bidenen gobernuak Israeli adierazi dio Libanorekin gerra abiatzeak Iran bultzatu dezakeela esku hartzera, eta esan du Libanorekin “gerra mugatua” edo “eskualdeko gerra txiki bat” ez direla aukera errealistak.

Bidenek aste honetan adierazi du “arrazoi guztiak daudela” pentsatzeko Netanyahu gerra luzatzen ari dela boterean jarraitu ahal izateko. Izan ere, bere aurkako auziak zabalik daude Israelgo epaitegietan, ustelkeria kasuekin eta urriaren 7ko segurtasun arazoekin lotuta. Israelgo Gobernuaren barneko eta kanpoko iturri ugarik kezka adierazi dute Netanyahuren estrategia faltaren inguruan.

Netanyahu baino eskuin muturrerago dauden gobernuko indarrek, gainera, presio egiten eta ekintza bortitzagoak eskatzen jarraitzen dute, eta Netanyahuk beharrezkoa du haien babesa gobernuan jarraitu ahal izateko. Itamar Ben-Gvir eta Bezalel Smotrich, Segurtasun eta Finantza ministroek, biek dei egin diote lehen ministroari “berehalako ekintza” abiatzera Libanoren aurka. Smotrichek esan du “segurtasun lerroa Israelgo lurretatik atera eta Libano hegoaldera mugitu” beharko luketela. Lurreko inbasioaren alde ere egin du. Argudiatu du lurraldea okupatu eta lekualdatzera behartu beharko lituzketela bertako biztanleak eta Hezbollahko miliziak, Litani ibaiaren bestaldera, mugatik 30 kilometro iparraldera.