BBCk argitaratu duenaren arabera, bi kategoriako eskakizunak ditu Errusiak: lehenak, Ukrainak erraz onartuko lituzkeenak dira, eta, bigarrenak, Ukrainak onartzeko zailak direnak.
Ibrahim Kalinekin hitz egin du BBC hedabideko nazioarteko gaien editoreak, John Simpsonek, Errusiak gerrarekin amaitzeko dituen eskakizunei buruz. Baina, zein da Ibrahim Kalin? Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen aholkulari nagusia eta bozeramailea da Kalin, eta Turkiako eta Errusiako presidenteen arteko elkarrizketa entzun zuen. Simpsonen esanetan, Putinek inbasioarekin amaitzeko dituen eskakizunak adierazi zizkion Erdogani, xehetasun handitan sartu gabe, eta handik gutxira Kalinek BBCko kazetariarekin hitz egin zuen.
Simpsonen arabera, bi mailako eskakizunak ditu Errusiak, tropak Ukrainatik ateratzeko. Lehenengo mailakoak Ukrainak erraz onartuko lituzkeenak dira. Printzipioz, lau eskakizun dira. Lehena, Ukrainak paper neutrala hartzea da, eta NATOn sartzeko eskaera egingo duela ez bermatzea; Zelenskik jada adierazi du ez duela eskatuko.
Bestalde, "Errusiaren segurtasuna bermatzeko", Ukrainak armagabetze prozesu bat egin beharko du. Hirugarren eskakizuna Ukrainak hizkuntza errusiarraren babeserako neurriak hartzea da. Azkenik, desnazifikazioa eskatzen dio Errusiak Ukrainari; hau, Simpsonen esanetan, bereziki mingarria da Zelenskirentzat, judutarra baita, baina badirudi nahikoa izango litzatekeela nazismoa gaitzestearekin eta berau zigortzeko neurriak hartzearekin.
Eskakizun polemikoak
Errusiak baditu beste eskakizun batzuk Ukrainako inbasioarekin amaitzeko, baina aurrekoak baino polemikoagoak dira, eta dirudienez, Ukrainak ez ditu erraz onartuko. Hauek Zelenskiren eta Putinen arteko zuzeneko negoziaketa beharko lukete, Errusiako presidentearen esanetan.
Simpsonek ez ditu xehetasunez lortu eskakizun hauek, baina Ukrainaren lurraldetasunarekin dute zerikusia; Donbassekin eta Krimearekin, zehazki. Xehetasun gutxi izanda, susmoa da Errusiak Ukrainari eskatuko diola Krimea Errusiarena dela onartzea.
Bi herrialdeetako presidenteek adierazi dute bestearekin zuzenean negoziatzeko prest daudela, eta ziurrenik datorren asteetan bilera hau ikusiko dugu.