Urtetik urtera Irungo San Martzial eguneko alarde parekidea handituz doa. Santiago konpainiaren bateratzearekin hamaika dira jada ateratzen diren konpainiak. Aurten 1.300 lagun inguruk hartu dute parte, eta azpimarratzekoa da emakumeen presentzia geroz eta handiagoa dela. Beste urte batez, Irungo alkateak ez die harrerarik egin.
Alarde parekidea 10:30ean hasi zen Urdanibia plazan, aurreikusitakoa baino 10 minutu beranduago, alarde tradizionalarekin ez topatzeko. Inma Landa general bezala estreinatu da, Ainhoa Ruiz de Arbuloren lekukoa hartuz.
Aurreko urtetan bezala Jose Antonio Santano Irungo alkateak ez dio alarde mistoari harrerarik egin, nahiz eta Arartekoak, Emakundek eta Gipuzkoako Aldundiak hala eskatu. Bai, ordea, tradizionalari. Santanok “apaltasuna izan dezatela” eskatu die alarde mistoko arduradunei, eta “jendeari ere entzun diezaiotela”.
Hala ere, beste ordezkari politikoen babesa jaso dute. Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia edota Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea Irunen egon dira alarde mistoari sostengua ematen.
Garitanok Irungo alkateari eskatu dio “bere erantzukizuna onar dezala, parekidetasun politikak garatu ditzala eta bi alardeen arteko gatazka anakronikoarekin bukatzeko baliabideak mahai gainean jar ditzala”.