AEBetako hauteskunde-biharamunarekin jarraitzen dugunez hamar egun igaro ondoren, Mark Twain pikaroaren ateraldietako bat –“Jainkoak gerragintza asmatu zuen estatubatuarrek geografia ikas zezaten”– gogoratu eta haren parafrasia eginez, guk ere esan beharko genuke, agian, “Jainkoak hauteskundeak asmatu zituen Estatu Batuetako geografia ikas dezagun”. Izan ere, bestela, zer dela eta jakingo luke mundu zabalak non dagoen Maricopa? Edo Arizona bera? Agian, euskaldunoi, ezagunxeagoa egingo zaigu betiere Nevada, batez ere Laxalt bat tartean bada…
Baina Estatu Batuetako geografiari begirik kendu gabe, Pennsylvaniako ikaskizunen inguruan hausnarketa sakonetan murgilduta, edo emaitzen igarpenera 2024rako errepublikanoen presidente-gai itxurosoena zein izan daitekeen alferrikako kabalak egiten hamar egun eman ondoren, hara non jabetzen garen Chuck Grassleyk senatari izaten jarraitzen duela. Eta, beraz, Michael Schafer bezalako analistak, harrituta ez, baina bai gogaituta egon behar dutela.
Berrogei urte pasa daramatza, etenik gabe, Grassleyk Senatuan, Iowatik. Eta ez zen mutikoa 1981ean lehendabizikoz hautatu zutenean. Izan ere, datorren irailean beteko ditu 90 urte. Osasun betean, esan dezagun. Eta hauteskundeak argi eta garbi irabaziz. Oraingoan, aurrekoetan baino estuxeago: 12 puntuko aldea “soilik” atera dio Franken demokratari.
Kontua da, bitxia izanik, Grassleyren kasua ez dela bereziki aparta. Estatu Batuetako politikagintzan, batez ere Washingtoneko erakunde goren horietan, gero eta nabarmenagoa den gerontokraziak aspaldi sorrarazi zituen arrangurak. Urteak igarota, McConell, Pelosi, Biden eta abar luzeak hor jarraitzen duenez, ondorioa ezinbestekoa da.
Trumpek 2024rako hautagai izateko lehen urratsa eman izanak, errepublikanoen arteko liskar gaiztoenerako su-gaia pilatzearekin batera, ia ziurki, erantzun erreflexua erakarriko du Bidenen aldetik: berak ere hautagai izatea erabakiko du. Eta hoberik ezean, alderdiak amen esan beharko dio. Hartara, asperdurarekin batera, inoizko presidenterik zaharrena hautatzeko ziurtasuna edukiko dute Estatu Batuetan bi urte barru. Eta lehendik kezkatuta zeudenek, gogaitzeko arrazoi sendoagoak izango dituzte.
Eta ez da gerontofobia kontua. Brezneven garaietako Politburoarekiko konparazioak, agian, gero eta mingarriagoak baitira. Eta hura 75 urterekin hil zen; Txernenko 74rekin; eta Andropov 69rekin.