Azken minuturaino ibili dira negoziatzen PSN eta Geroa Bai. Azkenean PSNk haren alde egin du eta Hualde atera da legebiltzarreko lehendakari. EH Bilduk ere mahaian sartzea lortu du. Horrela lehen lau indarrak, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk ordezkaritza dute Mahaian.
Hualdek PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren botoak bildu ditu, hau da 30 alde, eta Navarra Sumako ordezkariak bere 20ak. Beraz, Hualdek lortu ditu orain arte PSNko Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakari izateko negoziazioetan aritu diren lau alderdien botoak. Bi lehendakariordeak Inma Jurio (PSN) eta UPNko Yolanda Ibañez izango dira. Lehen idazkaria UPNko Juan Luis Sanchez de Muniain izango da eta bigarrena EH Bilduko Maiorga Ramirez. Unai Hualde EAJko Napar Buru Batzarreko lehendakaria de 2016ko urtarriletik.
Larunbatean, udal gobernuak osatzean PSNk erakutsitako Navarra Sumaren aldeko jarreraren ondoren, ematen zuen PSNk lauko gobernuan izan diren indar batzuekin exekutibo foral berria osatzeko negoziazioek inongo etorkizunik ez zutela. Baina asteazkenekoarekin, lau alderdien negoziazioak oraindik zerbait eman dezakeela irudikatzen da.
Parlamentuko lehendakaritzarako lehen bozketan gehiengo osoa behar izaten da eta inork ez du lortu. Navarra Sumako Iñaki Uriartek bere 20 botoak jaso ditu, Unai Hualdek hamasei, Geroa Bai eta EH Bildurenak, eta Inma Juriok PSNren hamaika. Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak (I-Ek) boto zuria eman dute, ez dute sostengatu Hualde. Akordiorik egon ezean lehen itzulian horrela egingo zutela iragarria zuten.
Horrez gain, mahaiak galdetuko die kamerako zerbitzu juridikoei mahaia bost kidetik zazpira zabaltzeko aukeraz. Arazorik egon ezean, eta horrela egitekotan, Ahal Duguko eta PSNko ordezkari bana sartuko lirateke mahaian.
Nafarroako eskuina haserre
Nafarroako eskuinak dagoeneko bere haserrea erakutsi du Parlamentuko Mahaiko osaketarekin. Batetik, PSNk lehendakaritza Geroa Bai-ri "eman diolako" eta, bestetik, EH Bildu mahaian sartzea saihestu ez duelako. Diario de Navarra-ren titulua aski adierazgarria da: "PSNk Unai Hualde egin du presidente eta ez du saihestu EH Bildu mahaira sartzea". Ana Beltran PPko diputatu nafarrak adierazi duenez, "gaur goizean ikusi da PSNk Nafarroari eta Espainiari egindako traizioa".