argia.eus
INPRIMATU
Geroa Baik eta EH Bilduk aurreakordioa aurkeztu diote Ahal Duguri batera aurkezteko
  • Nafarroako akordio programatikoa Madrilen defendatzea da mahai gainean jarritako irizpideetako bat. Laura Perezek (Ahal Dugu) ez du akordioren kontra egin, baina lehen biek haren alderdikoak izan beharko luketela iradoki du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko maiatzaren 03a
Adolfo Araiz eta Uxue Barkos Parlamentuan solasean (Arg.: Nafarroako Parlamentua).

Senaturako eta Kongresurako hiru ordezkari lotzea. Hori litzateke asmoa, abenduko datuak aintzat hartuta. Hori litzateke asmoa, noski, lauko Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu batera aurkeztuta, bestela, zenbakiei begira, ezinezkoa lukete formazio abertzaleek. Baina Ahal Duguk du azken hitza. Eskaintza eginda, Laura Perezen alderdiak zer dioen jakitea baino ez da falta. Nolanahi ere, iragarpenak ez dira baikorrenak, zerrendako lehen bi postuak Ahal Dugukoak izatea eskatu baitu.

Ez da kasualitatea eskaera hori egin izana: abertzaleek ez zuten eserlekurik bete abenduko bozketaren ostean; Ahal Duguk, aitzitik, bi erdietsi zituen. Eta jakin badaki horrek abantaila ematen diola.

Bi urrats egin beharko lituzke EH Bildurekin eta Geroa Bairekin joateko: bat, oinarriei galdetzea; bi, Espainiako zuzendaritzarekin adostea.

Ezkerrari dagokionez, Espainiari begira dago. Senatura batera joatea aurreikusi badu ere, argi du Kongresura Ahal Dugurekin joateko asmoa duela. Nolanahi ere, gainontzekoak batera joanez gero, ikusteko dago uko eginen liokeen zerrenda bateratuari.

Maiatzaren 13a egutegian gorriz markatutako data da, ordurako erabaki behar dutelako zein zerrendarekin joanen diren.

"Beste alderdiek ez dute azaldu zergatik abenduan ez eta orain bai"

 

Bestalde, Eduardo Santos Podemos Ahal Duguko diputatu nafarra ezkor azaldu da aldaketaren aldeko lau indarren arteko koalizioari begira: "Blokea pentsatu da, ez ordea programa". Bera hautagai izanen den ere zalantzan jari du: "Ikusi behar dut proiektu honen barruan non kokatzen naizen".

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra