argia.eus
INPRIMATU
Geroa Baik ingelesezko PAI hezkuntza eredua “indargabetzeko lan egingo duela” adierazi du Foru Legebiltzarrean
  • Maiatzeko hauteskundeei begira, PSNk atzerriko hizkuntza euskararen aurretik jartzen duen sistema publikoa defendatzen jarraituko du, Navarra Sumarekin batera. EH Bilduk “ingelesaren inposaketak” ekarri duen “lardaskeria” kritikatu du. Izquierda-Ezkerrak "legez" hizkuntza ofizialek izan beharko luketen lehentasuna gogorarazi du eta Podemosek euskara "ez kaltetzea" eskatu du.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko martxoaren 24a
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria ostegunean parlamentuan. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Jorge Aguirre PSNko politikariaren optikatik, “legea eta errealitate soziolinguistikoa kontutan izanda”, Foru Gobernuak “gazteleraz, euskaraz, ingelesez edo alemanez” ikasteko aukera bermatzen du. Hala mintzatu zen atzo Legebiltzarreko osoko bilkuran. Aipatutako lau hizkuntza horietatik, ordea, Carlos Gimenoren Hezkuntza kontseilaritzak euskarari soilik aplikatzen dio hiztun kopuruaren araberako eskaintza, gazteleraz ikastea erabat bermatuta baitago eta ingelesa eta alemaniera ez baitira ofizialak.

Euskarazko hezkuntza eskeini ezean, jakina, errealitate soziolinguistikoa definitzen omen duen hiztun kopuruak ez du inolako bilakaerarik izango. Zonifikazioaren legearen arabera ezta tokian-tokiko bizilagun eta udalek aho batez D eredua ezartzeko eskatzen badute ere, berriki eremu ez-euskalduneko Mañerun eta Lerineko udalerrietan gertatu den moduan.

Azken kasu hauek Nafarroako Gobernuaren haustura eragin dute hezkuntzari dagokionez. Maria Solana Geroa Baiko bozeramailea argi mintzatu zen osoko bilkuran datorren legealdirako bere alderdiak hartu duen erabakiaz: “Foru dekretu berri baten alde lan egingo dugu, PAI eredua indargabetuko duena”. Zentzu honetan, “bertako hizkuntzen presentzia bermatu” eta atzerriko beste bi barne hartzen dituen “eredu eleanitza” bultzatu nahi duela argitu zuen.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek "kulturen eta hizkuntzen baturaren" aldeko apustua egin zuen. "Zentzu komuna nagusi izatea eta politika sektarioak alde batera uztea espero dugu hizkuntza mailan dugun aberastasuna aprobetxatzeko eta ikasleei aukerarik ez kentzeko". Atzerriko hizkuntzen ikasketari dagokionez, PAI eredua “lardaskerien” bitartez “inposatu” dela salatu zuen.

Argudiaketa horrekin bat dator Izquierda Ezkerra. Marisa de Simonek Nafarroa "nahi ez dugun egoeran" dagoela deitoratu zuen. “Berezko hizkuntzek ez lukete atzerrikoek duten garrantzi berdina izan beharko curriculumean". Ildo beretik, Nafarroako ikasle guztiek gutxienez euskara ezagutu beharko luketela aipatu zuen.

Pedro González Navarra Sumako ordezkariarentzat, berriz, “euskararen murgiltze eredua ez da hezkuntza sistema bat, EH Bilduren kanpaina politikoa baizik”. Ideia hori oinarritzat hartuta, “PAI eredua Nafarroako euskalduntzea arriskuan jartzen duen mehatxu gisa” ikusten dela argudiatu zuen.

Podemoseko Ainhoa Aznarezek Navarra Sumari haren diskurtsoa beti bezain “alarmista” izan dela leporatu zion eta “atzerriko hizkuntzen ikasketa bertakoak kaltetzen ez dituen bitartean” beharrezkoa dela esan zuen.