Geroa Baiko Batzorde Iraunkorrak asteartean adierazi du Barcinaren aurkako zentsura mozioaren aldeko botoa emango duela. Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztutako mozioak jada Ezkerraren eta Geroa Bairen bermea du, beraz. Hala ere, ez da nahikoa izango aurrera ateratzeko, PSNk argi adierazi baitu ez duela alde bozkatuko.
Bilduk eta Aralar-NaBaik erregistratutako ekinbidea hasieratik galtzera kondenatua zegoela esan du Uxue Barkosen alderdiak, proposatu zen unetik ez baitu behar bezalako babesik izan. PSNren aldeko botorik gabe, hilaren 18ko batzarrean mozioa ez dela gauzatuko esan du.
Bestalde, zentsura mozioaren auziak Nafarroako gizartean frustrazioa eragin dezakeela adierazi du, “PSNren eta Bilduren arteko adostasunerako ezintasunaren” ondorioz. Bi alderdien erabakiaren zurruntasuna kritikatu du.
Egoera honek gizartea desanimatu ez dezan lan egin behar dutela aldarrikatu du Geroa Baik. PSN eta Bildu akordioa bilatzera aurkitzera bultzatu ditu, denen artean UPNrentzako alternatiba aurki dezaten. Era berean, hauteskundeak aurreratzeko beharra azpimarratu du.
Bestalde, egun hauetan EH Bildu hitzaldiak egiten ari da Nafarroako herri batzuetan zentsura mozioa aurkezteko, Berriak argitaratu duenez. Atzo Ribaforadan izan ziren Bakartxo Ruiz, Koldo Amezketa eta Xabi Lasa. Bihar Barasoainen, Leitzan, Irurtzunen eta Arrotxapean eskainiko dituzte hitzaldiak.