argia.eus
INPRIMATU
Gero eta udalerri gehiago batzen ditu Herri Hezitzaileen Sareak
  • Hezkuntzaren ardura konpartitua dela eta familiaz eta eskolaz harago herria bera eremu hezitzailea dela, herritarrak hezitzaile ere badirela ulertzen du Herri Hezitzaileen Sareak. Otxandiok (irudian) bat egin berri du sarearekin eta dagoeneko 36 herri direla jakinarazi dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 05
Otxandio batu da Herri Hezitzaileen Sarera (argazkia: Oinherri)

Parte-hartzearen kultura erdigunean jarri eta herrigintzatik jarduteko lanean ari da Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea, eta pixkanaka-pixkanaka gero eta udalerri gehiago batzen ari dira ekimenera. Oinherrik aholkularitza eta formazioa eskaintzen du eta sareko herrien artean elkarlana, sinergiak eta babesak indartzea ere bada asmoa, “gobernantza eredu berri irekiago bat eraikitzeko”.

Aurtengo lan ildoen artean dituzte eskola kirolaren eraldaketa eta herriko antolamenduan haurren parte-hartzea lantzea eta nerabeen parte-hartzean sakontzea.

Haurren hiria

2012an du jatorria Oinherrik, hainbat eragile elkartu zirenean haurren hezkuntza eta aisia beste modu batera egin zitekeela gogoetatzeko. Francesco Tonucci psikopedagogo italiarraren filosofiari tiraka ekin zioten, teoria eta praktika uztartu nahian. Haurrek espazio itxietan denbora ugari pasatzen duten garaiotan, kalea aldarrikatzen du Tonuccik, baina horretarako bestelako hiriak behar ditugu, autoa protagonista izan ordez ingurumena eta herritar guztiok kontuan hartuko gaituzten hiri eta herriak. Psikopedagogoak garbi dio, Haurren Hiria liburuan: "Jolasten, paseoan edota bakarrik dabiltzan haurrak baldin badaude hirian, hiri osasuntsua den seinale. Hirian ez bada haurrik ikusten, ordea, hiria gaixotuta dagoen seinale. Haurrak kalean dabiltzan hiria, hiri segurua da, ez haurrentzat bakarrik, zaharrentzat, elbarrituentzat eta hiritar guztientzat baizik. Eta haurrak etxetik bakarrik irteteko aukera egon dadin, hiria aldatu beharra dago, guztiz, apurka-apurka bada ere".