Itxarote luze baten ostean, ‘Aita Mari’ ontzia Lesbosera (Grezia) bidean da errefuxiatuentzako giza laguntzarekin. Espainiako Gobernuak bidaia egiteko baimena eman dio eskifaiari, baina, era berean, itsasoan dauden pertsonak erreskatatzea debekatu dio. Iñigo Gutierrez (Donostia, 1964) ontziko tripulatzailea da, eta argi dauka itsasoan arriskuan dagoen inor topatuz gero, euren ardura hura erreskatatzea izango dela.
Zerk ekarri zaitu ‘Aita Mari’-ra?
Bide luzea izan da. Publizista izateaz gain, urpean igeri egiteko irakaslea naiz, eta itsasoa bizitza iturri gisa ikusi izan dut beti. Ezin nuen ulertu hura hilobi bilakatzea. Nire kasuan, Aylan izeneko haur siriarraren argazkiak mugiarazi ninduen. Irudi mingarria zen, eta ahozko aktibismotik ekintzarako pausoa ematera bultzatu ninduen. Urpean igeri egiten duen monitore baten bitartez izan nuen Salvamento Maritimo Humanitario GKE-aren berri, eta nire burua bolondres aurkeztu nuen.
2015eko Gabonetan mobilizatu ninduten lehen aldiz, Kios (Grezia) uhartera joateko. Han argi ikusi nuen gu burbuila batean bizi garela, mundua oso handia eta konplexua dela, eta sufritzen ari den jende pila bat dagoela. Pertsona hauek baldintza izugarriak jasaten dituzte lehorreratzerakoan, baina itsasoan gauzak are okerragoak dira. Jendez gainezka dauden ontziak itsasoan ezerezaren erdian topatzea… Sinesgaitza da. Hori hilketa bat da.
Nola edo hala barku bat lortu behar genuela erabaki genuen, inguruan gero eta ontzi gehiago izanda, itsasoa leku seguruagoa bilakatzen delako. Eta horrela hasi ginen ‘Aita Mari’-ren erokeria honekin.
Abiatu duzuena ontziaren bigarren misioa da, ezta?
Hala da. Lehenengo misioa apirilean hasi genuen, Greziara giza laguntza eramanez. Gauza da esperientzia horren bidez ikusi genuela barkuan zenbait hobekuntza egin behar genituela, eta berriro portura bueltatu ginen.
Uztaila amaieran iritsi ginen Pasaiara, eta abuztua eta irailean zehar egokitzapenak egin genizkion Aita Mariri. Horren ondoren hasi ziren asteetan zehar portuan geldirik izan gaituzten buruhausteak.
Zain egon zarete itsasoratzeko baimena jaso duzuen arte. Nola bizi izan duzue itxarote hori?
Tentsio-egoera bat izan da, inork ez zigulako ziurtatzen baimena jasoko genuenik. Frustrazioak bata bestearen atzetik etorri zaizkigu joan diren hamabi hilabetotan. Itsasontziaren lehen prestakuntza lanak 2018ko ekainaren 1ean hasi genituen, eta irailaren 15erako amaituta zeuden. Jende pila baten laguntzarekin, egundoko lana egin genuen lehenbailehen itsasoratu ahal izateko, baina gero gurutze-bide administratibo bat jasan genuen. Urtarrilera arte izan gintuzten zain, gero ezezko bat jasotzeko. Egoera horretan, Lisboaraino nabigatu eta Greziara bidaiatzeko baimena han eskatzea erabaki genuen. Baiezkoa eman ziguten, eta Espainiako Gobernua oztopoak jartzen saiatu zen arren, ezin izan gintuen geldiarazi. Jokaldi horretan anparatuta, Open Arms itsasontziak ere itsasoratzea lortu zuen. Gu, ordea, bigarren aldiz oztopatu gaituzte, konponketak egitera bueltatu behar izan genuelako.
Azkenean, Greziara giza laguntza eramateko baimena jaso duzue, baina debeku argi batekin: ezin duzue erreskaterik egin.
Itsasontzi bati erreskateak egitea debekatzea guztiz ilegala eta zentzugabea da. Demagun ezin dudala erreskaterik egin: zer egingo dut itsasoan luxuzko transatlantiko bateko naufragoak topatzen baditut? Espainiak erreskatatzea debekatu didala esango diet? Nazioarteko araudiak argi eta garbi dio itsasoan arriskuan dauden pertsonak erreskatatu egin behar direla. Eta kito.
Bilatze lanak egitea debekatu digute, baina guk nabigatu dezakegu, eta arriskuan dagoen inor topatuz gero, segituan erreskatatuko dugu. Inolako zalantzarik gabe gainera.
Zain zeundetela, presio sozialaren babesa faltan sentitu duzue?
‘Aita Mari’-ren alde borroka egin duten herritar asko daude, eta baita Zaporeakek Lesbosen janaria banatu dezan ahalbidetu dutenak edo errefuxiatuei harrera duin bat ematearen alde egin dutenak ere. Horiek gizartearen zati bat dira, baina zati hori oso txikia da. Orokorrean, gaiarekiko pasibotasun handia dago. Pentsa, batek edo bestek harrituta galdetu izan dit: “A, baina errefuxiatuen kontuak oraindik jarraitzen du ala?”.
Open Arms itsasontzian aste latzak bizi izan zituzten Europako herrialdeek lehorreratzea ukatzen zietelako. Arrisku hori oraindik hor dago?
Zorionez, zentzu horretan egoera hobea da orain. Mediterraneo Zentralean gauzak oso zailak izan ziren Salvini Italiako Gobernuan egon zen bitartean, baina pertsonaia hori desagertu egin denetik egoera zeharo aldatu da, eta lau herrialdek sinatutako akordio batek erreskatatuak diren pertsonen lehorreratze automatikoa bermatzen du orain. Horrek Open Armsekin gertatutakoa errepikatzea saihesten du, jendea erreskate barkuetan berriro preso gera ez dadin.
Zer topatuko duzue Lesbosen?
Egoerak okerrera egin du gure azken misiotik. Zer topatuko dugun? Haragi-pikatzaile bat. XXI. mendeko Europako errefuxiatuen kanpamentuak hori dira, pertsonak txikitzen dituzten atxilotze zentroak. Eta egoerak okerrera egin du, Turkiatik datorren pertsonen jarioak gora egin duelako. Turkiako gobernua errefuxiatuen iturria ireki eta ixtearen joko maltzurra egiten ari da, eta zaila da etorriko dena zer den jakitea, baina oso itxura txarra dauka.
Euskal gizartea behar bezala jabetzen da han gertatzen ari denaz?
Ez. Gizarteak bere begiekin ikusi beharko luke hori zer den ulertzeko. Soilik horrela ikusiko genuke zeinen ondo bizi garen hemen, eta baita hala bizi ahal izateko beste leku batzuetan eragiten ditugun kalteak zeintzuk diren ere.
Zorionez, Euskal Herrian badago nolabaiteko kontzientzia bat, eta badira Oñati bezalako herriak, non, herritarren babesarekin, errefuxiatuentzako harrera zentro bat eraiki duten. Edo baita harrera eta gizarteratze lanak egiten duten hainbat eragile ere. Niretzat horiek dira benetako heroiak, hona etorritako pertsonen gizarteratzearen aldeko borroka gogor hori egunero eta ezkutuan egiten dutenak.
Azaroa hasieran helduko da ‘Aita Mari’ Lesbosera. Noiz bueltatuko da Euskal Herrira?
Eskifaiako kideak hilabete eta erdi barru bueltatuko gara, baina ‘Aita Mari’-k Mediterraneo itsasoan jarraituko du, eta bihotzez espero dut ez inoiz bueltatzea, bere helburua itsasoan arriskuan dauden pertsonei laguntzea delako.