argia.eus
INPRIMATU
Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik
  • 87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko apirilaren 26a
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak duela bi aste aurkeztu zuen bonbardaketa gogoratzeko egitaraua. Argazkia: Gernika Memorriaren Lekuko

Gernikako bonbardaketaren urteurrena dela-eta egitarau zabala antolatu du asteotan Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, memoria "mundua begiratzeko modu bat" delako, aurkezpenean azaldu zuten moduan. Atzera begiratuta gaur egun gertatzen diren injustiziak salatzeko baliatuko dute hortaz efemeridea, duen garrantzia politikoari iskin egin gabe.

Egitarau barruan, besteak beste, Sarri min ematen du akordatzeak antzezlana eskaini dute pasa den astean Lizeo Antzokian, Ibarrekolanda Bigarren Hezkuntza Institutuko ikasleen eskutik. Joseba Sarrionandia idazlearen olerki-lanetatik abiatuta egindako sormen lana da.

Ibarrekolanda ikastetxeko ikasleek antzezlana osatu dute Joseba Sarrionandiaren olerkien bidez, Gernikako bonbardaketaren inguruan. Argazkia: Gernika Memoriaren Lekuko

Baina ostiral hau dugu duela 87 urte abiazio alemaniar faxistak agintari frankistekin elkarlanean egindako sarraskia gogoratzeko une gorena. Ohi legez arratsaldeko 15:45etan 4 minutu ekimena egingo dute, Pasealekuan eta Astra fabrikan sirenak berriz martxan jarri eta herri osoan entzungo dira. Aurten Palestinako herritarrak eta Bakearen Artisauak gonbidatu dituzte horretarako.

"Gernikatik eraikitzen dugun memoria elkartasunean oinarritzen da –azaldu dute plataformako kideek–. Justizian. Ahotsa altxatzean, beharrezkoa den une, arrazoi, eta bider guztietan. Horregatik diogu, beste behin ere, gu beti Palestinako herriarekin egon garela, eta izango garela, eta bere aurkako genozidio saiakera – gure aurka saiatu ziren bezala- beti gogoratuko dugula historiaren lekurik ilunenenera eraman dezan Israelgo estatua".

"Gernikatik eraikitzen dugun memoria elkartasunean oinarritzen da. Justizian. Ahotsa altxatzean, beharrezkoa den une, arrazoi, eta bider guztietan. Horregatik diogu, beste behin ere, gu beti Palestinako herriarekin egon garela"

Gainera, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak diseinaturiko egitarau barruan beste hainbat ekitaldi ere izango dira eta eguna kandelekin ibilbidea eginez amaituko dute. Larunbatean berriz, Palestinarekin elkartasun eguna antolatu dute.

Agintari eta lekukoak bunkerrean

Instituzioen aldetik ere hainbat ekitaldi ofizial egin dira eta egingo dituzte bonbardaketaren urteurrenaren kari. Besteak beste horietan izango dira EAEko jarduneko lehendakari Iñigo Urkullu eta Memoria Demokratikoaren Espainiako ministro Angel Victor Torres.

Astrako babeslekuan izan ziren astelehenean EAEko agintariak eta Gernikako bonbardaketaren hainbat lekuko. Argazkia: Irekia.

Pasa den apirilaren 13an Espainiako Gobernuak memoria historikoko leku izendatu zuen Gernika-Lumoko udalerria, hasiera batean soilik Juntetxea izendatzeko asmoa azaldu bazuen ere, hainbat elkarteren eskaera jarraituta herri osoa egongo da izendapen horren barruan.

Astelehenean egin zuten izendapenaren ekitaldia, Astrako babeslekua egurrezko egitura batez estali eta bisitagarri jartzeko inaugurazioarekin batera.