argia.eus
INPRIMATU
Gernikako bonbardaketa oroitzeko mozioa atzera bota du PPk senatuan
  • Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean, EAJk mozioa aurkeztu du senatuan Gernikako herriaren “mina ulertu”, eta Espainiako Gobernuari eskatzeko “barkamen aitortza bidegabeki sortutako sufrimenduagatik”.  PPk, ordea, kontra bozkatu du, eta mozioak ez du aurrera egin.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 09a

PPko bozeramaile Iñaki Oyarzabalek “bandoen dialektikara” itzultzea gaitzetsi, eta “etorkizunera begiratzeko” eskatu du. Kontrara, proposatu du Gernikako biktimek jasandako “izu eta eraso ikaragarria” oroitzea; hala, gobernu frankistak izan zuen erantzukizuna ezabatuko litzateke testutik. Baina EAJk ez du onartu proposamen hori. Hala ere, eta El Mundoren arabera, Jokin Bildarratz EAJko senatariak esan du bera ez dela sentitzen inongo bandoren ondorengo, baizik eta demokraziarena, eta herritarrek eskubidea dutela bandoez gehiago ez hitzegiteko.

Beste talde politiko gehienak ados azaldu dira testuarekin, baina zenbait aldaketa txertatu dizkiote EAJren onespenarekin. PSOE, ERC, Compromís eta Unidos Podemosek eskatu dute gobernu frankistak, Gernikakoa ez ezik, zibilen kontrako aireko bonbardaketa ororen erantzukizuna aitortzea. PDeCatek, berriz, Bartzelona eta Katalunian egindako bereizi gabeko bonbardaketak oroitu ditu. Ciudadanos eta UPN abstenitu egin dira.