argia.eus
INPRIMATU
Presoen gaia Europara eramango duela adierazi du Sarek bizikleta martxaren amaieran
  • Ostiraletik igandera, Luhuso eta Gernika batu ditu ekimenak. Amaierako ekitaldian herritarren mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek. Espainiako Estatuan eta Europan lan egitea “hurrengo urratsa” dela adierazi dute.

     

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 22a
Gernikako ekitaldiaren une bat. Argazkia: @sare_herritarra.

Igande eguerdian amaitu da Sarek antolatutako Orain presoak bizikleta martxa, Gernikan. Ekimenari amaiera bazkari batekin eman aurretik, ekitaldia egin dute. Sareko Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiarzabalek hartu dute hitza. Aurtengo martxak iazkoak baino parte hartze handiago izan duela nabarmendu dute mugimenduaren ordezkariek, eta herriz herri jaso duten harrerak “bakarrik ez gaudela” erakutsi diela.

Hegoaldean pausu berriak emateko Iparraldean egiten ari den lana eredu hartzea proposatu du Sarek, martxak Luhuso eta Gernika lotu dituela baliatuz. Bide horretan jendartearen garrantzia azpimarratu du mugimenduak: “Konponbidearen ildoan aurrera egiten saiatzeagatik atxilotuak eta auzipetuak izan ziren pertsonak, denbora gutxian gobernu eta justizia frantsesekin esertzea lortu zuten. Eta garrantzizkoa dena, lortu zuten preso kopuru garrantzitsu bat etxetik hurbilago egotea”. Hegoaldeari dagokionez, espetxe politika aldatzearen aldeko adierazpenak entzun bai, baina “praktikan” ez dela aldaketarik salatu dute.

Euskal Herritik Espainia eta Europara

Bide berriak urratzeko asmoa azaldu dute Sareko ordezkariek: “Orain arte Euskal Herriko esparruan egin dugu lan. Aldarrikapen hau gauzak aldatzeko gaitasun legegilea dagoen tokietara eraman behar dugu, Espainiako eta Europako esparruetara. Hori da eman behar dugun hurrengo urratsa”.