argia.eus
INPRIMATU
Gernikako pleno-aretoko eserlekuak okupatu dituzte gazteek, liburutegian tokirik ez dutela salatzeko
  • Liburutegiko leku falta eta baldintza eskasak salatzen ari dira gazteak aspalditik, eta Udalak jaramonik egiten ez dielako sartu dira bertara. Alkateak udaltzaingoa bidali eta bi gazte identifikatu dituzte.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko ekainaren 01a

Gernikako gazteak aspaldidanik ari dira salatzen herrian ikasteko dagoen egoera kaskarra. 16.000 biztanleko herri batean 50 lagunentzako lekua baino ez dago liburutegian, eta bertako baldintzak ere txarrak dira haien esanetan: oxigeno falta, zikinkeria... Egin dituzten protestak gorabehera, Udalak ez die jaramonik egiten, Egurre taldeko gazteek salatu dutenez. Hori dela eta, pleno aretoan sartu dira asteazkenean, zinegotziek hartu ohi dituzten besaulkietan eseri eta han ikasteko.

Ikas baldintza txarrei aurre egiteko Astra espazio autogestionatuan antolatzen du liburutegia gazte asanbladak, eta horretan jarraituko dute hemendik aurrera ere. Alternatibak eraiki arren Udalari ikasteko lekua eta baldintzak eskatzen jarraituko dute, halere.

 

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra